Enpresa txikiak sortzen laguntzeko 24.400 euroko laguntza onetsi du Udalak

Txintxarri Aldizkaria 2017ko urt. 13a, 14:03
Merkataritza, ostalaritza edo zerbitzu pertsonaletan enpresa txikiak sortze aldera 24.400 euroko diru-laguntza lerroa onetsi du Udalak. Herriko hamabost enpresa izango dira onuradunak.

Udalak adierazi du "herriko hirugarren sektorea indartzea" dela diru-laguntzen helburua. Era berean, zehaztu du enpresa onuradunek ez dutela itzuli beharko jasotako dirua.

Onuradunak

Diru-laguntza lerroko 24.400 euro horiek horrela daude banatuta: 1.800 euro jasoko dituzte Eka Studiok, Kids&You eta Lourdes ileapaindegiek, Coworking Lasarte-Oriak, Landuz Aholkularitza, Txindoki tabernak, Ez Zaky harategiak eta Zam Zam bazarrak; Oreka Tabernak eta Dulziak, 1.500; Also Tabernak, 1.406; Marisa ileapaindegiak 1.212; eta 1.082 El Norte ileapaindegiak.

Udalak jakinarazi du 2016ko urtarrilaren 1etik diru-laguntza lerroen oinarriak argitaratu bitartean herrian merkataritza, ostalaritza zein zerbitzu alorretako enpresa berri bat sortu duten pertsona fisiko nahiz juridikoek jaso dutela laguntza, betiere oinarrietan ezarritako baldintzak betetzen bazituzten.

Finantza daitezkeen gastuak

Honakoak dira diru-laguntza horien bitartez finantza daitezkeen gastuak, Udalak jakinarazi duenez:

- Enpresa eratzeko gastuak: irekitzeko lizentzia, jarduerako lizentzia, negozioa martxan jartzeko pagatu beharreko beste tasa batzuk, notariotzako eta erregistroko gastuak.

- Errentamenduko gastuak, alokairu-kuotak.

- Gizarte Segurantzako langile autonomoen erregimen berezian kotizazioa pagatzeari dagozkion kuotak.

- Pertsona enplegatuak kontratatzearen gastuak. Nominak eta Segurantza Sozialeko kotizazioak.

- Jarduera abian jartzeko eta haren kudeaketa administratiborako aholkularitzako eta gestoriako gastuak.