Eneritz Busto: "Zilarra lortu izana sari bikoitza izan da niretzat"

martin-vicioso 2017ko mar. 10a, 12:00
Maila handia erakutsi du azken urteetan Eneritz Bustok 60 metro hesietan. Pistako denboraldiari amaiera bikaina eman dio Espainiako Txapelketan zilarra eskuratuz

Bi ehunekoen gorabeherak erabaki zuen 60 metro hesietako Espainiako junior mailako Txapelketako podiuma. Bertan, Eneritz Busto atleta lasarteoriatarrak bigarren koskara igotzea lortu zuen, kronoa 8,82 segundutan geldituz. Finalerdietan bere markarik onena finkatzea lortu zuen, eta bolada onari eutsi nahian, aire libreko denboraldia prestatzeari ekingo dio datozen astetan.

Zilarra lortu duzu Espainiako junior mailako txapelketan, eta urrea ez zen urruti ibili.

Egia esan, ez. Hiru lehenengoak bi ehunenen barnean sartu ginen. Amaitzean, ez genekien zeinek irabazi zuen eta asko urduritu nintzen. Negargurea eta dena sartu zitzaidan. Pantailan ikusi nuen bigarren nintzela eta hunkitzeaz gain, poztasun handia hartu nuen. Oso polita izan zen.

Beraz, txapelketa ondo joan zen. 

Bai. Lasterketa guztiak larunbatean korritu genituen 60m hesietan aritzen garenok. Goizean sailkatze froga egin genuen, arratsaldean finalerdiak eta gauean finala. Ordubeteko atzerapenarekin ibili ginen, eta luzea egin zitzaidan. Hala ere, finalerdietan nire markarik onena egin nuen, 8,75 segundu, eta oso pozik nago egindakoarekin.

Absolutuetan lan ona egin arren, ezin izan zenuen sailkapena eskuratu.

Egia esan, sekulako maila aurkitu nuen Salamancan, eta banekien oso zaila izango nuela sailkapena lortzea. Pentsa, irabazlea Rioko joko olinpikoetan lehiatu zen. Ez nintzen oso urruti geratu, baina ehuneko gutxi horiek hobetzea ez da erraza, eta oraindik diferentzia handia dago gure artean. Hala ere, egia da gazteenetakoa nintzela.

Atleta gipuzkoarrak ondo aritu zineten Valentzian eta Salamancan.

Hala da. Nahiko emaitza onak izan genituen, eta ordezkaritza zabala bidali genuen. Beti ez dugu nahi dugun errendimendua lortzen, baina marka onak lortu ditugu orokorrean, eta lan ona egiten dugun seinale da. LOKEn lortutakoarekin ere pozik gaude. Ez gara asko taldean, baina gure buruari jartzen dizkiogun erronkak gainditzen saiatzen gara.

Aurten ez zara txapelketa askotan aritu.

Ez da ohiko denboraldia izan niretzat. Anemia pairatu dut, eta konpetizio gutxitara joan naiz. Espainiako Txapelketarako gutxiengo denbora ziurtatu nuenean, entrenatzaileak eta nik erabaki genuen prestakuntza lasaitzea. Nire erritmoan entrenatu eta sendatzea  zen helburu nagusia, Espainiako Txapelketan ahalik eta hobekien aritzeko. Hortaz, aurten ez naiz Gipuzkoako edo EAEko lehiaketetara joan.

Pozgarria izango zen, beraz, gaizki pasa ondoren emaitza on hauek lortzea

Oso. Esan bezala, ez da ohiko denboraldia izan eta zilarra lortu izanak edo nire marka pertsonala hobetzeak asko poztu nau. Bigarren sari bat izan dira niretzat.

Datozen hilabeteetan ze hitzordu dauzkazu?

Aire libreko denboraldia oraintxe hasiko dugu. Junior mailako atletak azkenak izan gara pistakoa amaitzen eta, beraz, trantsizio laburragoa izango dugu. Aire librean 100 metro hesiak egingo ditut, eta ahalik eta azkarren moldatu beharko naiz, berehala hasiko baikara parte hartze libreko frogekin.

Datorren urtera begira, zein dira zure erronkak?

Junior maila atzean utziko dut eta promesa izango naiz. Hiru urteko kategoria denez, datorren denboraldia zaila izango dela badakit. Izan ere, zaharragoen kontra lehiatzea egokituko zait. Hala ere, esperientzia hartzeko eta hobetzeko aukera ezinhobea da. Kategoria berrian daukadan onena emateko asmoa dut, dena den. Gainera, kontuan hartu behar da edozein lasterketetan nire buruaren kontra lehiatzen dudala lehenik.