Domina-sorta ederra Euskadiko junior txapelketan

Iñigo Gonzalez Sarobe 2017ko ots. 5a, 18:45
LOKEko junior mailako hainbat judoka ederki aritu dira asteburu honetan Gasteizen, kategoria horretako Euskadiko txapelketan. Bi zilar eta bi brontzezko domina ekarri dituzte bertatik bueltan.

Zeresan handia eman dute LOKEko judoka juniorrek asteburu honetan tatami gainean. Gorka Aristegi eta Asier Sagasti prestatzaileek eta sei judokak osatu zuten espedizioa: Ander Garrido, Eneko Eizagirre, Fermin Balda, Talib Vergara, Jon Herrero eta Jesus Curielek. Bikain aritu ziren guztiak, eta lau domina ekarri dituzte bueltan herrira: zilarrezko eta brontzezko bina.

Ander Garridok eta Eneko Eizagirrek kolkoratu zituzten zilarrezkoak, txapelketa bikaina osatuz. Fermin Balda eta Talib Vergara ere igo ziren podiumera, brontzezko domina bana irabazi baitzuen bakoitzak. Jon Herrero eta Jesus Curiel, berriz, gertu geratu ziren; bosgarren postua erdietsi zuten biek, brontzeagatik aritzeko borrokaldia galdu eta gero.

"Txapelketa bikaina osatu dute denek; borrokaldi ederrak egin dituzte", nabarmendu du Gorka Aristegi prestatzaileak. "Ez nuke aipatu gabe utzi nahi Asier Sagastik txapelketan zehar emandako laguntza, txofer eta entrenatzaile lanak egiteagatik eta judokei emandako animoengatik", gehitu du.

Junior kategoriako judokak sasoi betean dabiltza azkenaldian. Aurreko astean Aretxabaletan jokatutako Gipuzkoako txapelketan ere egurrean aritu ziren: Ander Garrido txapeldun izan zen, azpitxapeldun Jon Herrero eta Talib Vergara, hirugarren Jesus Curiel eta bosgarren Yeray Mendibe eta Haritz Urdangarin.

Infantilak ere, tatami gainean

Eskolarteko Gipuzkoako txapelketa jokatu zuten infantil mailako judokek joan den asteburuan. Eurak ere badabiltza tatami gainean, ederki gainera: txapeldun izan zen Xabier Morales, bigarren Lucas Morales eta Oier Guisado eta hirugarren Martin Sebastian. Horrez gain, beste lau taldekide ere ederki aritu ziren, maila ona erakutsiz: Santi Mezzena, Ekhi de la Cruz, Oier Bocos eta Julen Fernandez.

Agenda konpetizioz lepo otsailean

Datozen asteetan ere kirol hitzordu ugari edukiko dituzte LOKEko judokek. Datorren larunbatean, esaterako, kadeteen Gipuzkoako txapelketa eta infantilen eskolarteko jardunaldi bat jokatuko dira. Hilaren 17an berriz, kadeteen Europako Kopa Fuengirolan (Malaga), eta, 25ean, junior mailako iparraldeko sektorea Zaragozan. Kadeteak eta infantilak ere ariko dira hilabeteko azken asteburu horretan.