Denboraldia ezin borobildu trinketako finaletan

martin-vicioso 2017ko urt. 20a, 10:44
Lehenengo mailarako txartela lortu arren, Aritz Solano pilotariak ezin izan zuen Eñaut Esnaola gainditu trinketako bigarren mailako finalean. Mikel Landak ere ez zuen Julen Loitegi menpean hartu eta lehenengo mailako zilarrezko postuarekin konformatu beharko da.

Ez zuten zorte handirik izan Gipuzkoako trinketa finaletan lehiatu ziren lasarteoriatarrek. Lehenengo Mailako finalean Mikel Landak Urnieta taldeko Julen Loitegiren aurka galdu zuen 40-32. 
Aritz Solanok, bestalde, ez zuen bere egunik onena izan eta bigarren mailako txapeldunorde izatearekin konformatu beharko da, Eñaut Esnaolaren kontra 40-9 galdu ostean.

Solano lehenengo mailara 
Aritz Solano Hernaniko Pagola (40-37), EPLE taldeko Aranburu (40-25) eta Pagazpeko Huizi (40-35) garaitu ostean sailkatu zen finalera eta, horrekin bat, lehenengo mailarako txartela lortu zuen.
“Gogo handiz” iritsi zen finalera, baina goiz okertu zitzaion partidua, aurkariak “asko asmatu baitzuen”. Aitortu duenez, “urduritasunak” ere ez zion lagundu Intza KE-ko pilotariari.

Dena den, “pozik” da egindako txapelketarekin. “Disfrutatzeko asmoarekin” eman zuen izena, eta hala egin du. Batez ere, Antton Aranbururen aurkako final laurdenak ditu gogoan. “Partidu borobila” egin zuela nabarmendu du lasarteoriatarrak.

Datorren urtean lehen mailan aritzeko gogoz da Solano. Helburua antzekoa: “jokatzen gozatzea”. Aitortu duenez, “ez da erraza izango maila mantentzea”, baina ahal duen “maila onena” ematen saiatuko da.

Landa, gertu
Aurretik hasi zuen finala Mikel Landak. Usurbilgo Pagazpe taldeko pilotari lasarteoriatarrak ondo ekin zion Julen Loitegiren aurkako partiduari. Ezin izan zion erritmoari eutsi eta, azkenean, urnietarra 40-32 gailendu zitzaion.

Finalerako bidean, lau pilotarien arteko ligaxkako onena izan zen, Mundarro taldeko  Gurutzealdek baino tanteo hobea lortu baitzuen. Finalaurreko partiduan, aldiz, Behar Zana-ko Maiz menperatu zuen.

Euskal Herriko kluben liga 
Intza KE-ko pilotariek Euskal Herriko kluben liga hasi zuten igandean. Amezketako Zazpi Iturri taldeko pilotariak izan zituzten aurrean, eta ezin izan zuten txapelketa nahi bezala hasi, 22 eta 11 gailendu baizitzaizkien.

Bigarren jardunaldian Lemoako EP taldea izango dute aurkari Michelingo pilotalekuan, igande goizeko 11:00etan. Aurreko jardunaldian bizkaitarrek Hernani KE-ko bikotea 22-9 garaitu zuten, eta ondorioz, sailkapenean lehenak dira.