Corbatas FCek ezin izan du Gipuzkoako lehenengo mailara jauzia eman

Txintxarri Aldizkaria 2015ko urt. 21a, 12:06
Pipiritaren aurka 0-0 berdindu ostean, probintziako futbol 7ko lehen mailan jokatzeko ametsa zapuztu zaie Corbataseko jokalariei. Joan den larunbatean jokatu zuten Usurbilgo Harane zelaian final itxura hartu zuen Gipuzkoako 2. mailako azken jardunaldia.

Donostiarrek hasieratik partidua defentsiboki prestatu zuten, berdinketarekin nahikoa baitzuten igoera lortzeko. 
Falta askoko neurketa izan zen, trabatua. Bigarren zatiko 5. minutuan Pipiritako jokalari batek txartel gorria ikusi zuen Imanol Avilari egindako sarrera itsusi baten ondorioz. Corbatasi min egin zion bere goleatzaile nagusia galtzeak. Sorbaldako luxazioarekin, hilabeteko baja hartu beharko du orain. Dena den, Corbatasek ez zuen etsi. Partiduaren azken hatsera arte Pipirita bere arean sartuta eduki zuen, baina baloiak ez zuen atean sartu nahi izan. 
Jokalariek eskerrak eman nahi dizkiete partidua ikustera hurbildu ziren herritarrei eta lanean jarraituko dute lehen mailara igotzeko ametsa lortzeko.