Buruntzaldea IKTko igerilariak GIF 3 eta Sara Carracelas sarietan

Txintxarri Aldizkaria 2015ko mai. 25a, 12:50
Bi lehiaketa izan zituzten Buruntzaldea IKTko gazteek maiatzaren 9an. Goizean, infantil, junior eta absolutuak Paco Yoldin aritu ziren GIF 3 Sarian parte hartzen eta arratsaldean berriz, Nahia Zudaire igeriketa egokituko Sara Carracelas Sarian izan zen.

GIF 3 sarian, 22 marka pertsonal, taldeko errelebuetako sei marka berri eta taldeko bi errekor ezarri zituzten Buruntzaldea IKTko neska-mutilek. Sailkapen orokorrean Iñigo Ibarburu hirugarren izan zen absolutu mailan.

“Sari honetan, helburu nagusiak berriro ere lehiaketara itzultzea eta entrenamenduetan zehar prestatutako zenbait gauza aplikatzea izanik, oso gustura gaude gure igerilariek egindakoarekin. Gainera, lehen aldiz igerileku luzean lehiatzen zuten zenbait gaztek lan bikaina egin zuten euren frogetan, igerileku mota honekin lehen kontaktua izanez eta pixkanaka neurria hartuz”, zioen Borja Apeztegia herriko klubeko prestatzaileak. 

Bestalde, Nahia Zudairek igeriketa egokituko Sara Carracelas Sarian parte hartu zuen, Errenterian. Zudaire 50 eta 100 libre eta 50 tximeleta frogetan aritu zen. Lortutako marka eta emaitzei esker sailkapen nagusian bigarren postua eskuratu zuen.