Bolada txarra eten dute errendimendu kadeteek

Iñigo Gonzalez Sarobe 2017ko mar. 5a, 14:32
Urte berria hasi zenetik partidurik irabazi gabe zen Ostadar SKTren errendimendu kadete taldea. Iragan larunbatean eten zuten bolada txarra, Donostiako Bera Berari 49-47 irabazita. Gogotik egin behar izan zuten lan jokalari urdin-beltzek.

Emaitza-dinamika txarretan murgilduta dauden taldeek hori apurtu nahi izaten dute kosta ala kosta. 2017a hasi zenetik irabazi gabe zegoen Ostadar SKTren errendimenduko kadete taldea, eta martxoa hastearekin batera hautsi dute azken hilabeteetako bolada txarra. Zehazki, Maialen Chourraut Udal Kiroldegian, joan den larunbatean: 49-47 nagusitu ziren Endika Marrahik zuzendutako jokalariak Bera Beraren aurka.

Lehenengo laurdenetik hasi zen markagailuan agintzen etxeko taldea. Bera Bera goian presionatuz, defentsa estua eginez eta trantsizio bizkorrak burutuz 18-5eko partziala lortu zuten aurreneko hamar minutuetan. Hamahiru puntuko aldea ez da makala, baina saskibaloian berehala aldatu daitezke gauzak. Hala gertatu zen neurketa horretan ere: bigarren laurdenean esnatu egin zen talde donostiarra eta 8-17ko partzialarekin lau puntura jarri ziren. 26-22ko emaitzarekin joan ziren bi taldeak atseden hartzera.

Bigarren zatian berriro ere hartu zuen jokoaren lema Ostadarrek, eta tartea irekitzea lortu, markagailuan 41-30ekoa ezarriz. Dena dela, hasieran esan bezala, dinamika txarretan dabiltzan taldeek majo sufritu ohi dute bukaerara arte, eta hala gertatu zitzaion Ostadarri. Zorionez, Bera Beraren erreakzioa ez zen partida iraultzeko bezainbestekoa izan, eta garaipen baliotsua poltsikoratu zuen etxeko taldeak, 49-47. 

Gauzak horrela, bigarren faseko lehenengo garaipena eskuratu du Ostadar SKTk, eta sailkapenaren behealdean jarraitzen badu ere, Bera Bera taldea atzean utzi du (bost partidutik ez dute bakar bat ere irabazi donostiarrek).

Saskibaloiaz gozatzeko aukera

Gauza benetan bitxia gertatuko da datorren asteburuan herrian: Ostadar SKTren saskibaloi alorra osatzen duten talde guztiek Udal Kiroldegian jokatuko dute.

Emakumezkoen 1go senior probintzialak igandean jokatuko du Oiarsoren aurka, 11:00etan. Gizonezkoen 3. mailako senior probintzial taldeak, berriz, larunbat arratsaldean: 20:00etan hasiko da Mutrikuren aurkako neurketa. Jardunaldiko partidu deigarrienetako bat junior mailakoa izango da: errendimendu kategoriako bi taldeek elkarren aurka jokatuko dute larunbatean 18:00etan.

Errendimendu kadete taldea larunbat goizean ariko da Zast Zarautzen kontra, 11:00etan. Partizipaziokoa, azkenik, larunbatean baita ere, 09:30ean, Ordiziaren aurka.