Bihar ekingo dio aurredenboraldiari Ander Bardaji herritarrak

Txintxarri Aldizkaria 2015ko uzt. 3a, 10:40
Harrobiko bederatzi jokalarik hasiko ditu entrenamenduak bihar Zubietan, Realeko lehen taldeko kideekin batera. Horien artean egongo da Ander Bardaji atezain gaztea. Biharko saioaren ostean, Austriarantz abiatuko da David Moyes eskoziarrak zuzentzen duen taldea, prestaketarekin jarraitzera. Abuztuaren 15ean hasiko da BBVA liga; uztailaren 14an jakingo du Realak zeinen aurka jokatuko duen lehen jardunaldian.

Eñaut Zubikaraik Realean jarraituko ez zuela jakin zutenetik, entrenatzaileek eta zuzendaritzak behin baino gehiagotan esan du bigarren atezaina “etxeko norbait” izatea nahi dutela. Gauzak horrela, Ander Bardajik, Jon Tenak eta Gorka Giraltek borrokatuko dute postu horrengatik. Hori gutxi balitz, zehazteke dago oraindik Geronimo Rulli atezainak Realean jarraituko duen ala ez.

Rulliren lesioak zirela-eta, ordezkoen aulkian eseri zen Bardaji iaz zenbait partidutan, nahiz eta debutatzera ez iritsi.