Bi lasarteoriatar Mont Blanc-en

Iñigo Gonzalez Sarobe 2016ko uzt. 29a, 14:30
170 kilometroko ibilbidea, 10.000 metroko desnibel positibo metatuarekin. Ez diote nolanahiko proba bati aurre egingo Javi Olazagoitia eta Gorka Mateo herritarrek abuztu bukaeran, Alpeetan zehar. Ultra Trail Mont Blanc erronkari ekiteko hilabete eskas falta denean, biekin hitz egin dugu euren sentsazioak gertutik ezagutzeko.

Bi lasarteoriatar Mont Blanc-en'. Abentura-film batentzat izenburu aproposa izan daiteke. Baina ez: lerrootan irakur daitekeena ez da fikziozkoa, ezta gutxiagorik ere. Javi Olazagoitia eta Gorka Mateo herritarrek Europako Ultra Trail proba entzutetsuena burutuko dute abuztu bukaeran. Hilaren 26an, ostiralez, Chamonix-eko helmugatik atera eta 170 kilometroko ibilbideari egingo diote aurre. Mundu osotik etorritako 2.300 lasterkarietako bi izango dira.

“Luze” egiten ari zaio itxaronaldia Olazagoitiari: “Urtarrila hasieratik daramat topera entrenatzen, kilometro asko pilatu ditut hanketan; abuztu amaieran da proba, eta zertxobait luze egiten da, egia esan, baina oso gogotsu nago”. 

Mateo ere “irrikitan” dago Mont Blanceko proba jokatzeko, baina era berean ezinegon pixka bat ere badu: “Pentsatzen jarri eta zalantza batzuk etortzen zaizkit burura: ea nahikoa entrenatu dudan, nolako eguraldia egingo duen, proba bukatuko dudan... baina ez dut burua jaten horrekin”.

Buru-jateak eragin ditzakete, adibidez, lesioek. Denboraldi honetan bi lasterkariek pairatu dituzte. Mateok eskumuturra bihurritu zuen; Olazagoitiak, orkatila. Lehenengoak hamabost egun igaro zituen entrenatu gabe, eta hilabete bigarrenak. Hala ere, biek kilometro mordoa daramatzate hanketan pilatuta. Ez entrenamendu-saioetan bakarrik: konpetitu dute hainbat probatan, distantzia ugaritan.

Madril, Cadiz...

Ekain amaieran Peñalara Ultra Trail proba burutu zuen Olazagoitiak, Madrilen. “Hori izan da hilabeteotan egin dudan lasterketarik luzeena. 115 kilometro zituen eta 5.500 metroko desnibel positibo metatua; 27. geratu nintzen. Mont Blancekoak 55 kilometro gehiago ditu, eta mundu bat da hori! Horregatik, erreferentzia gisa, joan den urtean egin nuen 168 kilometroko Beasaingo 'Ehun Miliak' proba hartuko dut”, azaltzen du herritarrak. Peñalaraz gain, Leitzako 'Euskal Herria Mendi Erronka' proban –67 kilometro eta 3.700 metroko desnibela– ere hartu zuen parte, ekain hasieran.

Mateo Cadiz aldean izan zen martxoan, 'La Sierra del Bandolero' izeneko Ultra Traila egiten. Proba hori jokatzea erabaki zuen, Mont Blancekoarekin ezaugarri komun batzuk dituelako. “Egun eta ordu berean hasten dira biak, eta distantzia aldetik ere oso antzekoak dira”, zehazten du lasterkariak. Orduko lasterketa horretan erdietsitako emaitza Mont Blancen errepikatzea sinatuko luke ziur asko: 22. helmugaratu zen herritarra. Azkenaldian ez du egin distantzia oso luzeko probarik, “mentalki fresko” iritsi nahi duelako Alpeetara, eta entrenamendu errutina ez du gehiegi aldatu, baina bai elikadura: "Saiatzen naiz egunean bost otordu egiten, eta karbohidrato gehiegi ez kontsumitzen".

Helburuak

“Xedea da lasterketa bukatzea, eta, batez ere, gozatzea. Ikaragarria izango litzateke 30 ordu baino gutxiago behar izatea amaitzeko, sekulako proba egin dudanaren seinale”, aipatzen du Mateok. “Aurreikuspen oso baikorra da hori; ezkorra, berriz, 40 orduren bueltan ibiltzea. Argi daukadana da ez naizela iritsiko proba burutzeko dagoen ordu mugara, 46 ordu eta erdira; ez ditut bi egun oso pasako mendian”.

Olazagoitiak ere 30 ordu baino gutxiagotan geratu nahiko luke kronometroa. “Badakit erronka oso zaila dela, baina asmo horrekin noa; ikusiko dugu zer gertatzen den. Larunbat gauean iristea gustatuko litzaidake, horrek adieraziko lukeelako oso ongi aritu naizela, baina uste dut igande goizaldean iristeko aukera gehiago dauzkadala”.

Ibilbidea eta estrategia

Chamonixeko irteera-lerrotik irten, l'Aiguille du Bionnassay zeharkatu, Col du Bonhomme eta Col de la Seigne igaro ostean, Italian sartuko dira lasterkariak. Valle Veni eta Noire de Peuterey pasa, eta Suitzan murgilduko dira. Bovine eta Tseppes igaro ondotik, hainbat paisaje ikusgarri edukiko dituzte parez pare: l'Aiguille Verte edota Mont Blanc bera. Denera, 170 kilometro eta 10.000 metroko desnibel metatua.

Mateoren hitzetan, ibilbidea ez du askorik begiratu, oraingoz. “Proba gerturatzen joan ahala erreparatuko diot, baina ez naiz kilometroz kilometro ikertzen aritzen diren horietakoa”.

Olazagoitiak dio oraindik ez duela sakonki analizatu ibilbidea, baina lasterketari ekin aurreko egunetan perfilak eta desnibelak aterako dituela, baita bideoak ikusi ere: “Lasterketetan asko laguntzen dit aurre-lan horrek”.

Irteera-lerroan atzean jartzen den horietakoa da Olazagoitia. “Nahiago dut lasai ekin probari, eta kilometroak aurrera joan ahala intentsitatea handitzen joan; jende askok uzten nau atzean hasierako kilometroetan, baina ondoren, 90.ean edo, berriz ikusten dugu elkar askok”. Mateok zehazten du ibilbidea ez dela “oso teknikoa”, lasterka dezente egin daitekeela, eta horrek “mesede” egiten diola berari.

Erabiliko duten materialari dagokionez, biek erabili dute hitz bera, behin baino gehiagotan: bastoiak. "Normalean ez daukat bastoiekin lasterka egiteko ohiturarik, baina UTMBra eramango ditut, igoeretan asko lagundu eta hankak asko kargatzea eragozten dutelako", zehazten du Mateok. Olazagoitiak ere ekipajean eramango ditu: "30-40 kilometro baino luzeagoak diren probetan beti erabiltzen ditut; bestalde, entrenamenduetan gustatzen zait gero lasterketetan eskatzen duten tresneriarekin aritzea, ahalik eta lasterren ohitzeko".

Biek argi daukate gauza bat: lasterketa ez bukatzeak asko atsekabetuko lituzke, “bizitzan behin” edukitzen baita horrelako aukera bat. Dortsalak zozketa bidez eskuratu dituzte: hiru urte zeramatzan saiatzen Olazagoitiak, eta bi Mateok. Gainera, hautagai izateko bederatzi puntu bildu behar dira, hiru lasterketetan banatuta. "Beharrezko puntuetara iristeko lau behar nituen, Beasaingo Ehun Miliak amaitzeagatik ematen dituzten lauak. Nire buruari esan nion: 'Javi, ez egin erokeriarik, eta iritsi zaitez helmugara, ez besterik' ". Mateok Asturiasen, Bartzelonan eta Cadizen -'Desafio Somedo', 'Ultra Trail de la Sierra del Montsant' eta 'La Sierra del Bandolero'- probetan bildu zituen puntuak.

Horrelako proba gogor bat bukatzeko fisikoki oso ongi prestatuta egon behar da, jakina, baina buruak ere jokatzen du paper garrantzitsu bat. “Niretzat, %30 fisikoa da eta %70 mentala; une oso gogorrak igaroko dituzu lasterketan zehar. Horiek iristean, aurre egiten jakin behar duzu, eta aurrera segi. Niri pasa izan zait, adibidez, proban aritu bitartean ilusio optiko eta irudipenak edukitzea, nekeagatik”, zehazten du Olazagoitiak.

Abuzturako plangintza

Arestian aipatu legez, herritarren planen artean ez dago UTMBa ez bukatzea. Beste zenbait aspektu, ordea, ongi lotu eta planifikatu behar dira: adibidez, egonaldia.

“Dortsala tokatu zitzaidala jakin eta ordu t'erdira alokatuta geneukan apartamentua; segituan bukatzen dira ostatu hartzeko tokiak”, azpimarratzen du Mateok. Proba hasi baino bi egun lehenago joango da, bikotearekin eta haren gurasoekin. Helmugaratu eta gero, astebete gehiago geratuko dira Alpeetan; herritarrak apropos hartu ditu oporrak.

Olazagoitia ere familiarekin joango da, UTMB hasi baino astebete lehenago. “Duplex bat alokatu dugu, igerileku eta guzti, haurrak gustura jolas daitezen”. Egunen batean muga zeharkatu eta Suitzara bisitan joan nahiko luke Olazagoitiak: “Ikusiko dugu zer egiten dugun, prezioak garestiak baitira oso, eta gastuak zaindu behar ditugu”. Igandean, proba bukatu eta gero egingo dute buelta.

Bidaia, 1.600 kilometrokoa da –800 joan eta etorri–. Autoz doaz Mateo eta Olazagoitia.

Ilusioa

Bi herritarrei antzematen zaie ilusioz gainezka daudela, eta abuztu amaiera lehenbailehen iristea nahi dutela.

“Lasterkari popularra naiz ni, eta argi daukat horrelako aukera bat berriz edukitzea oso zaila izango dela”, aipatzen du Mateok. Duela bost urte ekin zion mendi lasterketak egiteari. Diziplina hori “adiktiboa” dela dio.

“Mendian korrika egiten hasteak bizitza aldatu zidan; inflexio puntu bat izan zen. Asfaltoak ematen ez dizkizun ezaugarri asko dauzka: naturarekin harreman zuzena, bista ikusgarriez gozatzea...eta, batez ere, lasterkarien artean dagoen laguntasuna. Jende asko ezagutu dut estatu osoan zehar, eta lagun asko egin”, dio Olazagoitiak. “Ez dut lasterka egiten emaitzari erreparatuz; parte hartzaileren bat arazoekin ikusten badut, geratu eta lagundu egingo diot. Postu on bat lortzea guztioi gustatzen zaigu, jakina, baina nik lasterka egiten dut nire buruari demostratzeko gai naizela gisa horretako erronka bati aurre egiteko”.

Makina bat erronkari egin diote aurre Mateok eta Olazagoitiak, baina oraindik ez dute elkar ezagutzen. Eta kasualitateak zer diren: Mateoren arrebak Olazagoitiarekin egiten du lan. “Jakin dut elkarrekin egiten dutela lan Javik eta nire ahizpak; ea proba hasi baino lehen edo amaieran elkar ezagutzeko aukerarik dugun”, dio Mateok. Berdin pentsatzen du Olazagoitiak: “Ea proba bukatu ostean argazkirik ateratzerik dugun”. Izan ere, ba ote dago herriko bi lasterkarik elkar ezagutzeko aitzakia hoberik?