Beñat Los Arcos: "Esperantza baino, ametsa zen podiuma lortzea"

Iñigo Gonzalez Sarobe 2016ko api. 25a, 13:30
Bizkaia Kopa Trail liga sasoi betean hasi du Beñat Los Arcosek. Bi etapa jokatu dira orain arte, eta balantzea kontuan hartzekoa da: zortzigarren helmugaratu zen Arrietan (aurrenekoan), eta podiumeko hirugarren mailara jauzi egin, Lemoizen. “Nire maila onena eman nuen Lemoizen; bikain atera zitzaidan lasterketa”, dio.

Kazetaria da Beñat Los Arcos. Elkarrizketak egitera ohitua dago, baina oraingo honetan berak erantzun behar izan ditu galderak. Ofizioagatik ez, afizioagatik izan da albiste berriki. Mendian lasterka aritzen da herritarra; BKT Bizkaia Kopa Trail ligan ari da parte hartzen, distantzia laburrean –hamar kilometrokoan–. Titularra, hauxe: hirugarren postua erdietsi zuen bigarren etapan, Lemoizen, apirilaren 17an.

BKTko bigarren etapari ekin aurretik, Los Arcosek ez zuen espero lerro hauetan titular hori idatzi ahalko genuenik. “Esperantza baneukan aurrealdean ibiltzeko, hamar lehenengoetan edo, baina podiumera igotzea, esperantza baino, ametsa zen”, aipatzen du. 

“Lehen etapara baino sasoi hobean” iritsi zen herritarra Lemoizekora. “Lasaiago ekin nion probari: erdialdera arte, hamargarren postu inguruan joan nintzen”, oroitzen du. “Bi aldapa gogorri” ekin zien orduan, eta “erabat” aldatu zen lasterketa: “Indartsu nengoen, gainontzekoak oinez zihoazen bitartean ni korrika, eta laugarren postura aurreratu nintzen”. Aurreneko hamar saikatuen artean sartzea “zaila” zela ikustetik, zuzenean podiumagatik lehiatzera pasa zen Los Arcos. Eta baita lortu ere: “Dena eta gehiago eman nuen hirugarrena harrapatu, atzean utzi, eta postu hori lortzeko; helmugan, ezin nuen sinetsi”.

Hurrengo erronka, Morga

Maiatzaren 15ean jokatuko du Los Arcosek BKTko hirugarren etapa, Morgan. Ibilbidea ez du ezagutzen oraindik, baina uste du “azkarra eta oso berdindua” izango dela proba: “Aurrealdeko lasterkariak oso maila paretsuan gabiltza; Lemoizen podiuma egin nuen bezalatsu, orduko horretan gera naiteke hamargarren postuan, lasai asko”. 

Lemoizen “maila onena” eman zuela dio herritarrak. 44 minutu eta 28 segundotan bota zuen etapa hori, baina hobetzeko tartea baduela iritzi dio herritarrak: “Gorantza egitea da nire asmoa”.

BKT ligan, bigarrenez

Bizkaia Kopa Trail proba berria dela esan daiteke, aurtengoa baitu bigarren edizioa. Estrenaikoan aritu zen Los Arcos, egutegiko azkeneko bi probetan. “Asko gustatu zitzaizkidan ligaren antolaketa eta formatua bera; horregatik, aurten hasieratik aritzea erabaki nuen”.

Zortzi probak osatzen dute trail laburreko modalitateko egutegia. Martxotik abendura bitarte hilero jokatzen da lasterketa bat, uztaila eta abuztuan izan ezik. Azkenekoa Dimakoa izango da: abenduaren 18an ariko dira bertan.

Pauta jakin bat ez du jarraitzen Los Arcosek, egin nahi dituen lasterketak hautatzerakoan: “Egutegiari so egin, eta beti dago proba interesgarriren bat egiteko aukera”.

Entrenatzerakoan ere, berdin: “Ez dut lan-saio berezirik egiten; mendira korrika egitera joateko geratzen gara, gustatzen zaigu toki, mendi eta ibilbide berriak ezagutzea; gogoa pizten digu horrek“, dio.

Mendiaz disfrutatzen

“Elkartzeko aitzakiarekin” hasi ziren lasterka hiru lagun, duela zenbait urte. Gero, Iurgi anaiarekin, mendira joan zen korrika egitera Beñat, “diziplina hori probatzeagatik”. Ordutik, gaur arte, nahiz eta azken bizpahiru urteetan hasi den proba gehiagotan parte hartzen. 

“Kirolaz gozatzeko aukera onena da niretzat; batez ere, mendiaz eta konpainiaz disfrutatzeko aitzakia perfektua. Ez naiz inoiz joaten bakarrik, eta horixe da onena: ezer lortu badut, haiei esker izan da”, nabarmentzen du herritarrak.