Babyauto Zarautz-Beltzak garaile Unbeko infernuan

Txintxarri Aldizkaria 2015ko ots. 1a, 19:30
Hotza, txingorra, euria, haizea eta lokatza. Atzoko partiduaren osagaiak izan ziren horiek, infernua azken batean. Baldintza kaxkar horietan jokatu zuen Babyautok Eibarren aurka Ohorezko B mailako 17. jardunaldian. Fran Puertas eta Facundo Oriberen mutilek beste garaipen garrantzitsu bat zakuratu zuten. Dagoeneko 16 garaipen dituzte eta porrot bakarra. Lidergoan sendo ageri dira Beltzak, Durango bigarren sailkatuari hamabi puntuko aldea aterata.

Eibartarrek hartu zuten aurrea markagailuan zazpigarren minutuan gauzatutako zigor golpea baliatuz. Beltzak taldeak berehala erreakzionatu zuen eta 10. minuturako Iñigo Lasak entsegua lortu zuen. 18. minutuan Anton Larrañagak eta 27.nean Agus Quevedok ere entsegu marraz haratago paratu zuten baloia. Markagailuan 3-19ko emaitza.

Defentsa lanean sendo eta Eibar bere zelaian preso. 22ko marran sartu zuen Babyautok. Presio itoak fruituak eman zituen eta Unai Urruzola Urnieta Bideko morroskoak armaginak gainditu eta entesgua egin zuen atsedenaldira joan aurretik.

Aldageletatik bueltan, jokaldi nahasi bat tarteko, Anton Larrañagak neurketako bigarren entsegua gauzatu zuen markagailuan 30 puntuko tartea eskuratzeko. Aldeko 3-33ko emaitza ikusita, erlaxatu egin zen Babyauto eta eibartarrek euren minutu onenak izan zituzten, entsegu bat lortuz.

Dena den, partida amaitzeko hamar minutaren faltan Agus Quevedok erabakita utzi zuen neurketa irribarrez ospatu zuen entsegu batekin. Azken emaitza 8-38.

Errespetua eta errugbia

Hotzak hotz eta kazkabarrak kazkabar, partida amaitu ostean garaileak lege onean egin zion pasilloa Eibar galtzaileari. Larunbat arratsaldean Unbeko zelai lokaztuan jokatu zutenek bakarrik ez, metereologiari aurre eginez partidua ikusten izan ziren 150 lagunek ere aipamen berezia merezi dute.

Lasarteoriatarren lana

Geroz eta gehiago dira Espainiako bigarren mailan debutatzen ari diren herritarrak. Atzo Ibai Mitxelenaren txanda izan zen. Azken bost minutuak jokatu zituen Beltzak gazteak eta Mitxelenarekin, dagoeneko zortzi dira elitean debuta egin duten lasarteoriatarrak. Harekin batera, Unai Urruzolak, Xabier Rekondok eta David Vegak jokatu zuten larunbatean.

Datorren astean etxean, Astin neurtuko dituzte indarrak Beltzak taldeko mutilek Aparejadores Burgosen aurka.