Bahreingo atletak nagusi Nazioarteko Krosean

Iñigo Gonzalez Sarobe 2017ko urt. 29a, 18:52
Sadik Mikhou eta Bontu Rebitu atleta bahreindarrak izan dira 62. Nazioarteko Krosaren garaileak. Urtero legez, zale ugari gerturatu dira Hipodromora, atletismo goiz eder batez gozatzera.

Bahreingo atletak izan dira garaile emakumezkoen zein gizonezkoen krosean gaurkoan. Emakumezkoetan, ezustekorik ez: Bontu Rebitu faboritoak jantzi du txapela, azkeneko metroetan Nuria Fernandez madrildarra atzean utzi ostean. Gizonezkoen kategorian, berriz, sorpresatxoa egon da Hipodromoan: Sadik Mikhou ez zen faborito nagusia, baina merezimendu osoz irabazi du lasterketa.

Helduen lasterketak hasi aurretik, gaztetxoak aritu dira lasterka Hipodromoan, goiz goizetik: juniorretatik hasi eta benjaminetaraino. Ordurako zale ugari zeuden harmailetan eta inguruetan.

Azken metroetara arte lehian

Emakumezkoen lasterketa emozioz beteta egon da. Hasieratik Bontu Rebitu (Bahrein), Nuria Fernandez (Madril), Roxana Bircak (Errumania) eta Elena Loyok (Araba) osatutako laukoteak agindu du 8.600 metroko lasterketan. Handik gutxira, aurreneko hiruek zertxobait atzean utzi dute Loyo; Bircak markatu du erritmoa. Helmugaratzeko kilometro eta zertxobait gehiago falta zirenean, ordea, Birca atzean geratu eta Rebitu eta Fernandezen artekoa izan da lehia. Proba bukatzeko uste baino distantzia gutxiago geratzen zitzaiola usteta, Nuria Fernandezek erritmoa igo du, baina berehala jabetu da gaizki-ulertuaz, eta Rebituk hori baliatu du helmugara bakarrik iristeko, segundo gutxi batzuengatik besterik izan ez bada ere.

Rebituk, Fernandezek eta Bircak osatu dute emakumezkoen podiuma, orden horretan.

Mikhou, azkarrena

Faborito nagusia bahreindarra zen gizonezkoetan ere, baina ez Sadik Mikhou, bere herrikide Birhanu Balew baizik. Bukaeran podiumaren maila gorenera igo dena, ordea, Mikhou izan da. Hasi eta buka berak agindu du proban. Hasierako multzotxoa hainbat atletek osatu dute: Mikhouk, Balewk, Tafese Sebokak (Ethiopia), El Hassan Oubaddik (Maroko), Ivan Fernandezek (Araba) eta Olivier Irabarutak (Burundi). Kilometroak aurrera egin ahala, ordea, dezente murriztu da: bi bahreindarrak bata bestearekin lehian, eta handik gutxira Seboka eta Irabaruta. 

Lehia bizia izan bada ere, Balewk ezin izan dio eutsi Mikhouk ezarritako erritmoari, eta azken hau nagusitu da helmugan. Bigarren postuan ailegatu da bere herrikidea, eta Burundiko lasterkari Irabaruta hirugarren. 

Nazioarteko Krosean ateratako hainbat argazkirekin egindako argazki galeria