Babyauto Zarautzek Ohorezko B mailako lidergoa sendotu du Bera-Bera hirugarren sailkatuari 29-11 irabazita

Txintxarri Aldizkaria 2015ko urt. 26a, 11:22
Ohorezko B mailako iparraldeko lidergoa sendotu egin du Babyauto Zarautz taldeak. Donostiako Bera Bera 29-11 garaitu zuen Astin asteburuan. Garaipen honekin, herritarren eta zarauztarren taldeak 70 puntu ditu sailkapen nagusian, bigarren Durango da 63 punturekin eta Bera-Bera hirugarren 50ekin.

Larunbat arratsaldeko neurketan giro paregabea izan zen zelaian eta baita harmailetan ere. Bera Berako morroskoen joari ez ezik, euri zaparrada mardulei ere eutsi behar izan zieten jokalariek eta zaletuek. Ikuslegoa aterkien babesean, eta jokalariak lokatzezko trajearekin. Kirol honen definizio grafikoa, horixe baita errugbia.

Bera-Berak hartu zuen aurrea markagailuan transformazio batekin. Babyautok ordea, melean nagusitzea lortu zuen eta baloia alde batetik bestera abiada handian mugituta, jokoaren pisua bere gain hartu zuen garaipena lortzeko.

Liga erregularra amaitzeko sei jardunaldiren faltan, hirugarren sailkatuarekiko 20 puntuko aldea du Babyautok. Hortaz, ia-ia matematikoki eskuratuta dauka Ohorezko A mailara, Espainiako Liga gorenera, igotzeko aukera emango liokeen play-offak jokatzeko txartela.