Babyauto Zarautz, bizirik maila igotzeko borrokan

martin-vicioso 2017ko ots. 25a, 12:00
Liga amaitzeko lau jardunaldiren faltan, Ohorezko Mailara igotzeko itxaropenik ez du galdu Babyauto Zarautz taldeak. Ander eta Xabier Rekondo, Xabier Prieto, Julen Aristorena eta David Vega herritarrak denboraldi ona ari dira egiten talde zarauztarrean

Ohorezko Mailarako igoera oraindik urruti ikusi arren, urrezko puntuak lortu ditu Babyauto Zarautz taldeak CRAT A Coruñaren aurka. 36-16 gailendu zen talde euskalduna.

Lehenengo zati orekatua jokatu zuten bi taldeek, baina Babyauto-k hiru puntuko errenta eskuratu zuen atsedenaldian. Bigarren zatian hobeto atera ziren Phillip Huxforden mutilak, eta alde erosoarekin jokatu zituzten azken 20 minutuak.

Aurrera egiteko itxaropena

Xabier Rekondo, Ander Rekondo, Xabi Prieto, David Vega eta Julen Aristorena lasarteoriatarren taldea hirugarren postuan da momentu honetan. Donostiako Bera Bera  zortzi puntura dute –garaipen bakoitzak lau puntu ematen ditu–, eta jardunaldi gutxi geratu arren, badute bigarren koskara igotzeko aukera.

Izan ere, elkarren artean jokatu beharko dute Zarautzen azkenaurreko partiduan, eta Bera Berak partidu guztiak irabazi dituen UBU-Colina liderraren aurka jokatu beharko du liga amaitzeko. 

Hortaz, zarauztarren eskuetan egon ez arren, litekeena da partidu guztiak irabazita 'playoffetarako' txartela ematen duen bigarren postu hori eskuratzea.

Ohorezko B mailako bi taldetako txapeldun eta txapeldunordeek euren artean jokatuko dituzte igoera kanporaketak. Irabazlea zuzenean igoko da, eta 2017-2018an Ohorezko Mailan ariko da. Finalistak, berriz, lehenengo mailako azken aurrekoaren kontrako kanporaketa jokatu beharko du, joaneko eta itzuleko formatuan. Gauzak horrela, eta tartean aurkari arriskutsuak izango dituztela ikusita, argi dago lan handia dutela aurretik. Hala ere, ez dirudi zarauztarrak erraz kikilduko direnik.

Asteburu honetan Ourensera bidaiatu beharko dute, bosgarren tokian den Campus Ourense taldearen aurka jokatzeko.

Gazteak, sendo

18, 16 eta 14 urte azpikoen Gure Etxea Beltzak taldeek Hernani RTren aurkako partiduak jokatu zituzten Zarauzko Asti zelaian. Lehenek ezin zuten garaipena eskuratu, hernaniarrek 5-15 menperatu baitzituzten, baina beste bi taldeek garaipen sendoak lortu zituzten: 31-12 16 urte azpikoek, eta 19-17 14 urte baino gazteagoek.

Txikienak, 12 urtetik beherakoak, errugbi eskolen topaketan egon ziren Aieteko zelaian, eta arduradunek azaldu dutenez "oso itxura ona" eman zuten.