Azpeitian eta Legazpin lehiatuko dira Buruntzaldea IKTko igerilariak asteburuan

Txintxarri Aldizkaria 2015ko eka. 19a, 13:10
Beste zenbait kiroletako denboraldiak amaitu dira jada, baina Buruntzaldea IKTko igerilariek ez dute atsedenik. Asteburu honetan Azpeitian zein Legazpin dituzte lehiaketak, eta taldeko hainbat kide ariko dira batean zein bestean.

Udarako Gipuzkoako Txapelketa jokatuko da Azpeitian, larunbat eta igandean. 10:00etan hasiko dira goizeko jardunaldiak eta 17:00etan arratsaldekoak. Infantil, junior eta absolutu mailako 20 igerilari baino gehiagok hartuko dute parte txapelketa horretan. Braza, bizkar, tximeleta zein libre estiloan lehiatuko dira, hainbat distantziatan: 50 metro, 100, 200, 400, etab.

Gipuzkoako saria Legazpin

Taldeko kide batzuk Azpeitian dauden bitartean, Legazpiko kiroldegian ariko dira beste batzuk. Udarako Gipuzkoako saria jokatuko da bertan, larunbatean zehar. Goizeko jardunaldiak 10:00etan hasiko dira eta bertan bazkalduko dute igerilariek, arratsaldekoei ekin baino lehen. Infantil eta juniorrak egingo dute igeri txapelketa horretan.

Bestalde, Buruntzaldea IKTk ireki du dagoeneko datorren denboraldirako izena emateko epea, uztailaren 26ra arte luzatuko dena. Taldearen web orrialdean bete beharko da orria. Edozein zalantza izanez gero, 696 506 632 telefonora (Borja) deitzeko eskatu dute igeriketa taldeko kideek.