Axier Arteaga gazteak Bengoetxea VIa eta Untoriarekin entrenatu du

jon-altuna-egitegi 2015ko api. 24a, 00:06
Igandean jokatuko da binakako txapelketako finala Bilboko Bizkaia pilotalekuan. Berasaluze eta Zubieta, Bengoetxea eta Untoriaren aurka. Azken hauekin entrenatu zuen astelehenean Axier Arteaga 18 urteko lasarteoriatar gazteak final handiaren atarian.

Ruben Beloki pilotari ohia eta Asegarceko teknikariaren deia jaso zuen joan den astean Arteagak eta astelehenean takoak jarri eta Bizkaia pilotalekuan entrenatu zuen, Iñaki Iza lagun. Bengoetxea eta Untoriaren azken entrenamendu gogorra izan zen, igandeko hiztorduaren aurretik.

"Lehenengo ondo berotu genuen eta hasteko, partidutxo bat jokatu genuen 12 tantora. Egurra eman ziguten, joko handia eginez. Gero beste partidutxo bat jokatu genuen 18 tantora. Guk sakearen abantaila geneukan, tantoa egiten zuenak eginda ere, guk bi sake genituen eta eurek bakarra. Iza eta biok irabazi genuen. Entrenamendua amaitzeko beste neurketatxo bat jokatu genuen 12ra. Entrenamendu luzea eta exigentea izan zen, ia ordu eta erdikoa", adierazi du Arteagak.

Untoria “indartsu” ikusi zuen lasarteoriatarrak atzeko koadroetan eta Bengoetxea VI.a joko handi batekin aurrean, “tantoa nahieran bukatzeko gaitasunaz” eta defentsan ere fin.

Apostuei begira, pronostiko bat eskatu diogu herritarrari: “Finala oso irekita dago. Gakoa atzelarien artean egon daiteke. Untoriak lehen finala du eta nerbioak kontrolatzea oso garrantzitsua izango da. Aurrean berriz, Bengoetxea Berasaluze baino koxka bat gorago behintzat badagoela esango nuke”.

Esperientzia pilatzen

Punta-puntako pilotarien ondoan entrenatu zuen Arteagak, eurekin frontoia eta aldagela partekatzea "sekulako esperientzia" izan dela adierazi du: "Entrenatzen asko ikasten da, diferentzia handia somatzen da afizionatuetatik profesional mailara, batez ere erritmoan, belozidadea ez dago konparatzerik. Joko-abiadura horrek eragiten du zuk akats gehiago egitea. Kontzentrazioa beti mantendu behar da, zalantza txikiena nahikoa dute aurkariek gainetik pasatzeko. Era berean, gehiago arriskatu behar izaten da tantoa bukatu nahi bada behintzat".

Hala ere, presiorik ez dio jartzen bere buruari Axier Arteagak. Helburua profesional mailara pasatzea den arren, oraindik "goiz" dela uste du eta aurretik nahikoa denbora baduela dio: "Gogor ari gara entrenatzen, egunerokoan pentsatuz, Iñaki Artolak 20 urterekin eman zuen saltoa, beraz, hurrengo urtea oraindik badaukat lasai egoteko eta lanean jarraitzeko".

Izan ere, gorputz eta arima jarriak ditu pilotan, ametsaren atzetik. Astean lau egunez entrenatzen du Tolosako Beotibarren Asegarce enpresarekin: "Pilotalekuko lan teknikoa eta lan fisikoa, biak egiten ditut eurekin”. 

Afizionatuetako erronkak

Orain partidu askorekin dabil lasarteoriatarra, GRAVNen finalaurrekoa jokatu behar du, Bergarako Txapelketan ere bai, 'Biharko Izarrak’ Torneoa jokatzen ari da... Udarako festetatik deika ari zaizkio eta "egutegia beteta" duela kontatu du.

"Momentu honetan oso ondo nago, otsaila-martxoa aldera beherakada handi samarra izan nuen. Orain buelta eman diot, jokuz txispa gehiagorekin nabil eta eskuetako arazorik gabe, konfidantza ematen dit denboraldiko fase erabakigarrienei begira", Arteaga herriko aurrelariaren hitzak.