Astin erabakiko da dena

Txintxarri Aldizkaria 2016ko api. 25a, 19:32
Hiru puntuko aldeari buelta eman beharko dio Babyauto Zarautzek igande honetan, Ohorezko A mailara igotzeko finalerdietara sailkatu nahi badu; 15-12 galdu zuen atzo El Amaro zelaian, Burgosko Aparejadoresen kontra. Gaztelarrek irabazi dute aurreneko partidua, baina ez kanporaketa. Astin erabakiko da dena.

80 minutu, eta helburu bakarra: Ohorezko A mailara igotzeko borrokan jarraitzea. Zarauzko Asti zelaian erabakiko da igandean nor sailkatuko den finalerdietarako; Babyauto Zarautz ala UBU Burgosko Aparejadores. 12:00etan hasiko da bi taldeentzat denboraldi honetako orain arteko neurketa garrantzitsuena: final laurdenetako itzuliko partidua.

UBUk hartu du abantaila, joanekoan 15-12 irabazita. Neurketari askoz hobeto ekin zion talde zarauztarrak, Ander eta Xabier Rekondo anaiak taldean zirela -David Vegak ez zuen jokatu-; lehenengo minutuetan igo zituen markagailura hamabi puntu horiek, Cristian Zapateriaren eta Iñigo Lasaren entseguei eta Xabier Amilibiaren transformazioari esker.

Atsedenaldira, ordea, ezin izan zuten alde polit hori eraman Fran Puertasen jokalariek. Etxeko taldeak lerroak aurreratu zituen eta erasora joan zen. Defentsa lanetan buru-belarri aritu ziren zarauztarrak, baina UBUk markagailuko aldea bi puntura murriztea lortu zuen. Bigarren entsegua 40. minutuan egin zuten.

Atsedenaldi aurreko azkeneko minutuetako inertzia hori baliatuz, etxeko taldeak 15-12koa ezarri zuen markagailuan, beste entsegu bat eginez. Hortik aurrera, gogotik saiatu ziren zarauztarrak, baina ezin izan zuten markagailua berriz irauli. Erasora joan arren, defentsa lanak ez zituzten albo batera utzi, eta UBUren aurrelariak fisikoki indartsuagoak izan arren, ezin izan zuten Babyautoren lerroa zeharkatu. Gauzak horrela, Astin erabakiko da dena.

Harmailetako 'norgehiagoka'

Horraino berdegunean gertatutakoak. Baina kronika ez da hor amaitzen, beste norgehiagoka bat jokatu zutelako bi taldeetako zaleek harmailetan. Aurreko astean Burgosko egunkari batek zioenez, "UBUren historiako partidurik garrantzitsuena" izan zen joan den igandekoa. Garrantzia maila hori ikusita, ez da harritzekoa imajinatzea El Amaroko harmailak nola zeuden: zalez lepo. 

Gehienak, jakina, Burgosen aldekoak ziren, baina kolore gorri-beltza erraz begizta zitekeen baita ere: 100 zale inguru joan ziren Zarauztik, Babyauto animatzera. Fran Puertasenen hasiera bikainak are gehiago hauspotu zituen, eta amaierako emaitza horren ona izan ez bazen ere, ez ziren minutu bakar batez ere isildu. Norgehiagoka amaitzean, zelaira sartu eta pasiloa egin zieten Babyautoko jokalariei, 80 minutuetan zehar egindako ahaleginagatik eskerrak emateko. Ondoren, indarrak berritu zituzten denek elkarrekin, 'hirugarren denbora' delakoan. 

Iganderako deia

Epaileak amaierako txistua jo orduko, igande honetako neurketan dute burua zale zarauztarrek. Hori dela eta, errugbi-zaleak gonbidatzen dituzte Asti zelaira, baita Lasarte-Oriakoak ere, itzuliko neurketaz gozatzera eta Babyauto animatzera. Sarrerak bost euroan jarriko dituzte salgai. Norgehiagoka ikusteaz gain, hanburgesa bat ere dastatu ahalko dute animatzen direnek.

14 urtez azpikoak ere Astin

Ohorezko B mailako seniorren etorkizuna ez da asteburu honetan Asti zelaian erabakiko den gauza bakarra. 14 urtez azpiko Lavie ZRT-Beltzak taldea Gipuzkoako txapelketan ari da oraindik, 3. izateko borrokan, La Rioja taldearekin.

Beltzak taldeko gaztetxoek ere hiru puntuko aldea irauli beharko dute -joanekoan 31-28 galdu zuten- txapelketako hirugarren talde onena izan nahi badute. Larunbatean jokatuko dute, 11:00etan.