Arteaga eta Gorrotxategi Saralegi eta Elolaren aurka ariko dira, asteleheneko estelarrean

Txintxarri Aldizkaria 2015ko eka. 25a, 18:02
Festetarako antolatu diren hamaika ekintzen artean pilota eta pala partiduak ere egongo dira. Benjamin, alebin, infantil eta beteranoen herriko txapelketako finalak, Emakumezkoen pala txapelketa. Larunbat goizean jokatuko dituzte norgehiagoka horiek denak; astelehenean berriz, pilotako estelarrak.

Larunbat goizeko 10:30ean hasiko dira herriko txapelketako finalak, kategoria desberdinetakoak. Horiek bukatu eta segituan, Naroa Urbieta-Kris Alvarez eta Ohiane Lizaso-Sara Zulaika bikoteak ariko dira nor baino nor gehiago Emakumezkoen pala txapelketako finalean. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, Sara Zulaikak azterketa bat du egun horretan, eta jokatu ezingo balu Itziar Bermudezek ordezkatuko luke jokalari hori.

Asteleheneko estelarrak

Larunbatekoa ez da izango herritarrek jaietan zehar pilotaz gozatzeko izango duten aukera bakarra. Intza KEk pare bat partidu antolatu ditu astelehen goizerako. 11:30ean bikote jubenilen txanda izango da: Matxain eta Bikuñak Oyarbide eta Otañoren aurka neurtuko dituzte indarrak.

Norgehiagoka hori bukatu bezain pronto hasiko dira eliteko bikoteak. Saralegik eta Elolak Arteaga eta Gorrotxategi izango dituzte parean. Bermatuta egongo dira joko ona eta emozioa.