Arteaga eta Begiristain Santa Ana pala txapelketako txapeldun

Txintxarri Aldizkaria 2015ko uzt. 26a, 22:37
Gaur arratsaldean XXXIV. Santa Ana pala txapelketako finala jokatu da. Herritar ugari bildu da Jon Begiristain-Xabier Arteaga eta Jon Pello Artetxe-Xabier Etxezarreta bikoteen arteko norgehiagoka ikustera. Aurretik hirugarren postua izan da jokoan Loidi-Barreneko pilotalekuan.

Bikoteek hezetasunari aurre egin behar izan diote Santa Ana Pala txapelketako finalean. Xabi Etxezarreta eta Jon Pello Artetxe urdinez eta Xabier Arteaga eta Jon Begiristain gorriz izan dira nor baino nor txapela eskuratzeko lehian.

Bi bikoteek luze jokatu dute eta atzelariek lan ederra egin behar izan dute erritmoa mantentzeko. Aurrelariek ere lan ederra egin dute, Begiristainek batez ere. Ikusleek ederki gozatu dute tanto luzeekin, bi pareta, zabalerako jokaldi eta dejadak guztiak batera puntu batean baino gehiagotan ikusi ahal izan baitira.

Hala ere, bikote gorria pixkanaka partida bereganatu eta tartea irekitzen joan da. 9-3, 14-6, 18-10, 24-13, 31-15 eta azkenik, 35-16koa izan da markagailuan. 

Era honetara, Xabier Arteaga eta Jon Begiristainek altxa dute Santa Ana txapelketako garaikurra.

Sari eta omenaldia

Finalaren ostean, saribanaketa izan da eta Jon Pagola antolatzailea eta Txus Alonso kirol zinegotzia izan dira trofeoak banatzen.

Txapelketako lehen lau bikoteez gain, finaleko jokalari onenaren saria ere eman dute eta Jon Begiristainek jaso du.

Bestalde, finala hasi baino lehen Santa Ana Pala txapelketako antoltzaileek Aldaz H.K.ri omenaldi txiki bat egin diote. Antolatzaileek oroigarria eman diote Elena Zabala Klinikako ordezkariari eta Erketz EDTko lagunek agurra dantzatu dute. Era honetara, urte hauetan emandako laguntza eskertu nahi izan diote.

Astiazaran eta Arluziaga hirugarren

Baina finala baino lehen hirugarren eta laugarren postua erabaki dira. Xenki Astiazaran eta Iñigo Arluziagak gorriz Bernaitz Odriozola eta Santi Martin urdinez izan dituzte aurrez aurre.

Bikote bakoitzak bere pilotarekin jokatu nahi izan du. Astiazaran eta Arluziagak pilota bizia eta Odriozola eta Martinek geldoa. 

9nako berdinketaren ostean apurtu da partida. Arluziagak eta Astiazaranek ongi jokatu eta irakurri dituzte arerioen mugimenduak eta honek utzitako hutsunetaz baliatuz pixkanaka tartea irekitzen joan dira, 23-13ra arte. Tanto politak ikusi ahal izan dira, batez ere, zabalean jokatutakoak.

Ostean, errenta mantentzen jakin dute eta Astiazaranek lan ederra egin du aurrean. Ondorioz, hirugarren postua eskuratu dute, 35-19ko markagailuari esker.