Arluziaga eta Xenki garaile Santa Ana Pala txapelketan

Txintxarri Aldizkaria 2016ko uzt. 26a, 23:32
Santa Ana eguneko ospakizunek arratsaldean Loidi Barren pilotalekuan izan dute jarraipena. Pala txapelketako final handia ikusi ahal izan dute bertara hurbildu diren zaletuek. Aurretik, hirugarren postua ere izan da jokoan.

Xenki Astiazaran eta Iñigo Arluziaga dira XXXV. Santa Ana Pala txapelketako irabazleak. Xabier Arteaga eta Beñat Esnaola izan dituzte arerio final luzean.Tanto luzeak eta politak ikusi ahal izan dituzte zaletuek. Luze eta zabal jokatu dute, dejadak egin dituzte eta arerioaren hutsa bilatu dute bi bikoteek. Lan ederra egin dute lau pelotariek.

Hasiera berdindua izan da, bosnako berdinketa izan da markagailuan. Xenki eta Arluziagak arerioen akats eta ongi prestatuko jokaldiei esker 10 tanto egin dituzte. Arteagak eta Beñatek ez dute amore eman eta pixkanaka tartea txikitzen joan dira, 16 eta 18 egon dira. Baina Xenki eta Arluziagak hogeigarren tantoa eskuratu eta Arteaga eta Beñaten huts kopurua handitzen joan da. Berriro ere, hamarreko tartea izan da bi bikoteen artean, 19-29, eta Arteagak eta Beñatek ezin izan diote buelta eman. 19 eta 30 amaitu da final handia.

Garaileek Joxe Mari Urdampilleta eta Agustin Valdivia udal ordezkarien eskuetatik jaso dituzte garaikur eta txapelak. Honetaz gain, finaleko jokalari onenaren saria ere eskuratu du Iñigo Arluziagak.

Begiristain anaientzat hirugarren postua

Hala ere, finala baino lehen, hirugarren eta laugarren postua izan dira jokoan. Jon eta Mikel Begiristainek Jon Pagola eta Xabier Etxezarreta izan dituzte aurrez aurre. Etxezarretak Jesus Ferreirasen ordez jokatu behar izan du.

Hasieran partida berdindua zirudien arren, Begiristain anaiek tartea ireki dute, 10-05. Pagolak eta Etxezarretak ongi eutsi diete anaien erasoei. Baina markagailuan 14 eta 10 zegoela, hamaika tanto jarraian egin dituzte Jon eta Mikel Begiristainek. Azken tantoetan Etxezarreta eta Pagolak lau tanto egitea lortu dute. Tamalez, akatsak ere izan dituzte eta Begiristain anaiek partida eta hirugarren postua eskuratu dute 30 eta 14ko markagailuarekin. 

Gaur jokatu diren partiden irudiak argazki galerian.