Alebinen erakustaldia Santurtzin

Txintxarri Aldizkaria 2016ko uzt. 12a, 18:30
Buruntzaldea IKTko igerilari gaztetxoek Euskal Herriko txapelketa bikaina burutu zuten Santurtzi aldean, uztailaren 2an eta 3an.

Asteburuz asteburu, Buruntzaldea IKTko kategoria desberdinetako igerilariek primeran konpetitzen jarraitzen dute. Uztailaren 2 eta 3koan alebinen txanda izan zen, eta uzta oparoa ekarri zuten bueltan Santurtzitik (Bizkaia): bost urre, hiru zilar eta sei brontze, nesken taldearen bigarren postua, taldeko hamabi errekor berri eta Espainiako txapelketarako bi sailkapen.

Bederatzi alebin lehiatu ziren: 2002an jaiotako Lander Sorozabal, 2003ko Unai G. Somovilla, Nora Qian Villamediana, Leire eta Ainhoa Martin eta 2004ko Aintzane Sarobe, Joane Arzalluz eta Ane Artola. 

Hamalau domina

Arestian esan bezala, domina-sorta ederra eskuratu zuten igerilari alebinek. Unai G. Somovillak, Leire Martinek eta Paula Sevillanok lortu zituzten urrezkoak. Denera, bost. Lehenengoak 100 bizkar proban kolkoratu zuen, 1:08:52ko denborarekin. Hori gutxi balitz, Espainiako txapelketarako gutxienekoa lortu zuen. 

Leire Martin izan zen asteburuko protagonista nagusietako bat, hiru urrezko domina poltsikoratuta. Horietako bat 200 estiloetan, 400 estiloetan bigarrena eta 800 librean hirugarrena. 400 libre proban iritsi zen bosgarren urrea alebinentzat, Paula Sevillanoren eskutik. Apur bat gazi-gozoa izan zen domina hori, dena den, Espainiakorako sailkatzeko sei ehunekotara besterik ez zelako geratu igerilari gaztea.

Zilarrezko eta brontzezko beste bederatzi domina -hiru eta sei, hurrenez hurren- ere zakuratu zituzten alebinek. Zilarrezkoak Leire Martinek eta Paula Sevillanok (bi) lortu zituzten. Brontzezkoak, berriz, Unai G. Somovillak, Ainhoa Martinek eta Paula Sevillanok. Horrez gain, 4x200 libre erreleboan neskek hirugarren postua eskuratu zuten. Paula Sevillano, Joane Arzalluz, eta Martin ahizpak lehiatu ziren. 

Errekorrak eta taldekako sailkapena

Igerilari alebinek Santurtzin erdietsitako errekorren artean aipagarriena Leire Martinen eskutik etorri zen. 200 bizkar proban 2:26.85ean geratu zuen kronometroa, Eider Peñaren marka bi ehunekotan hobetuz eta 13 urtekoen Euskal Herriko errekor berria ezarriz.

Bestalde, Santurtzin lehiatu ziren neska guztien artean meritu handiko bigarren postua lortu zuten. Guztien ekarpena izan zen ezinbestekoa podiumera igotzeko. 254 puntu bildu zituzten guztira. 

Espainiakoa, gertu

Madrilen lehiatuko dira Martin ahizpak, Paula Sevillano eta Unai G. Somovilla hilaren 20tik 24ra bitartean, Espainiako alebin mailako txapelketan. 

Leire Martinek lau proba burutuko ditu: 200 eta 400 estiloak eta 100 zein 200 bizkar probak. Ainhoa Martinek 400 estiloak egingo ditu, 800 librea Sevillanok eta 100 bular zein bizkar probak Somovillak.