Aitor Anabitarteren esperientzia gazi-gozoa Zaragozan

Txintxarri Aldizkaria 2016ko ots. 3a, 12:04
ACB ligako Minikoparako sailkapen fasea jokatzen aritu da Aitor Anabitarte herritarra pasa den asteburuan, Zaragozan. Gipuzkoako selekzioa aritu da lehian bertan, Retabet GBC taldearen izenean. Esperientzia aberasgarria izan da gaztetxoarentzat, baina min hartuta bueltatu da bertatik.

Retabet GBC talde gipuzkoarrak ez du Coruñan jokatuko den ACB ligako Minikopan aritzeko txartela lortu, pasa den asteburuko Zaragozako sailkapen fasean. GBCren izenean Gipuzkoako selekzioa aritu da, Aitor Anabitarte herritarra tartean. Bertan bizitako esperientzia sekulakoa izan da jokalarientzat, maila handiko taldeen kontra neurtu baitituzte indarrak. Herritarrarentzat berriz, gazi-gozoa izan da, min hartuta bueltatu baita Zaragozatik.

Estudiantesen aurkako norgehiagokan, euren multzoko lehenengoan, belaunean min hartu zuen Anabitartek. Mina handiegia ez zenez, bigarrenean ere jokatzea erabaki zuen. Zoritxarrez, kolpe bat jaso zuen belaun horretan, eta ezin izan zuen kantxan jarraitu. Hirugarren partiduan ere ez zen aritu herriko jokalari gaztea.

Garaipenik ez

Gogotik saiatu arren, GBCko jokalariek ezin izan zuten garaipenik eskuratu Minikoparako sailkapen fasean. Lehenengoan 52-77 galdu zuten Estudiantesen kontra; Manresaren aurka neurtu zituzten indarrak bigarrenean, 52-67 galduz; azkenik, hirugarrenean, Unicaja nagusitu zen, 39-67.

Hauek izango dira asteburu honetan Coruñako Minikopan ariko diren zortzi taldeak: Unicaja, FIATC Joventut, FC Barcelona Lassa, Valencia Basket, Movistar Estudiantes, Gran Canaria, Real Madrid eta Rio Natura Monbus.