Abendua, herriko saskibaloiaren hilabetea

Txintxarri Aldizkaria 2016ko abe. 1a, 11:00
Ostadar SKTren saskibaloi alorrak hitzordu oso garrantzitsuak antolatu ditu abendurako. Batetik, 10 eta 11ko asteburuan (larunbat eta igande) kadete mutilen lauko txapelketa bat jokatuko da Udal Kiroldegian. Hiru selekzio eta klub batek hartuko dute parte: Euskadik, Galiziak eta Asturiasek; eta Easo SBTren junior mailako taldeak.

Partiduen egunak eta orduak finkatu dituzte honezkero antolatzaileek. Udal Kiroldegian jokatuko dira guztiak. Larunbatean (hilak 10), 10:00etan, Galizia eta Easo SBTk jokatuko dute elkarren aurka; 11:45ean berriz, Euskadik eta Asturiasek; 16:15ean Easo SBT eta Asturias ariko dira; eta 18:00etatik aurrera, Euskadi eta Galizia. Igandean (hilak 11) beste bi partidu jokatuko dira: Asturias-Galizia 10:00etan, eta Euskadi-Easo SBT 12:00etan.

3x3 txapelketa

Bestalde, urteari amaiera ezin hobea emateko, 3x3 txapelketaren laugarren edizioa antolatu du Ostadar SKTk. Abenduaren 30ean jokatuko da, Udal Kiroldegian. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, izen-emate epea irekita dago honezkero. Interesa daukaten taldeek Ostadarren Geltoki kaleko bulegora joan beharko dute. Bestela, 677 163 751 telefono zenbakira ere deitu dezakete. Adin-tarte guztientzako jokalarientzat tartea dagoela ere azpimarratu dute. 

Bestalde, jakinarazi nahi dute hasiera batean 20 euroko kuota jarri dutela, kamiseta bereziak egin nahi dituztelako. Dena den, ideia aurrera aterako ez balitz (7-10 egun barru jakingo dute), 10 eurokoa litzateke, iaz bezala.