42,195 kilometro ilusio

jon-altuna-egitegi 2014ko aza. 28a, 10:46
Atletismoaren distantzia mitikoa da Maratoia. Iraupen-luzeko atleten giharrak eta birikak proban jartzen dituen lasterketa. Herriko 29 lagun, tartean bi emakume izango dira Donostian. Batzuek lehenengo aldia dute, besteak zailduta daude dagoeneko 42 kilometroak egiten. Baina Maratoiak beti sortzen du halako lilura berezi bat. Sentimendu bat. Denengan.

Kristo aurreko 490. urtera egin behar da jauzi Maratoiaren jatorria ezagutzeko. Kondairaren arabera, Greziak Persia garaitu zuen Maratoiko guda latzean. Garaipenaren berri ahalik eta azkarren eman behar zioten Atenasi, eta Fidipidesen esku utzi zuten egiteko hori. Soldadu prestuak lasterka egin zituen Maraton eta Atenas artean dauden 40 bat kilometroak. Helmugara iritsi zenean, “irabazi dugu” esan eta hantxe erori zen ziplo. 

Donostiako Maratoia
Ibilbide berria estreinatuko du aurten Donostiako Maratoiak. 9:00etan hasita, 21 kilometroko bi itzuli eman beharko dituzte parte-hartzaileek, azken urteotako hirurak baztertuta. Urumea ibaiaren bi aldeak zeharkatuko dituzte eta Igarako zonalde bakartua ez dute pasako. Espainiako eta Gipuzkoako txapelketa izango da Anoetan amaituko den proba, iaz bezala. Zirkuitua erabat laua da.

Esperientzia eta grina
Ramon Mendizabal, Anabel Eleno eta Asier Gorostegi dira maratoia egingo duten herritarretako hiru.
Ramon Mendizabalek hamargarren maratoia du, zortzi egin ditu asfaltoan eta bi mendian. Esperientzia badu halako lasterketan eta “zazpigarrenean” gozatu omen zuen lehen aldiz 42 kilometroez, beraz, “lasai” hartzeko aholkua eman die debutariak diren Asier Gorostegi eta Anabel Elenori.
Gorostegik lehen maratoia du, triatloietan espezialista den mutilak arnasa luzeko probara jauzia eman du eta “beldur pixka bat” badu ere, maratoi erdia 1:38an pasa eta giharrak gehiegi ez behartzen saiatuko da: “lagun eta gurasoekin hitz egin dut eta puntu estrategikoetan jarriko dira niri gelak emateko, ezinbestekoa da”.
Anabel Eleno da, Mari Carmen Olasorekin batera, maratoia egingo duen bi emakume lasarteoriarretako bat: “Bost Behobia eginak dauzkat. Beti ibili izan naiz atletismoan eta Ostadarrekoekin entrenatzen dut. Ilusioz gainezka nago”, adierazi du.
Hirurek gauza bat dute argi: “Biriketatik baino, hanketatik sufrituko dugu gehiago. Hamar kilometroren faltan horma famatua iristen denerako prest gaude, ea gozatzea lortzen dugun”.

Entrenamendu luzeak
Horixe da Maratoi bat amaitzeko sekretua. Gorputzari 30 kilometroko tirada bat edo beste sartuta, distantzia luzeetara ohitzea eta zailtzea. Jakina, Santuenea, Txokoalde eta Plazaolako trenaren bideak begiak itxita ere egingo lituzkete herriko maratoilariek. 
Zentzu horretan kritikatxo bat ere badute: “Ea noizko lotzen dituzten Lasarte-Oria eta Añorga bidegorriz. Sekulako askatasuna emango liguke Donostia aldera joateko”.
Igandero 8:00etan geratzen dira entrenatzeko eta deia zabaldu diete herriko korrikalari guztiei anima daitezen.
Ordu gutxi falta dira. Xirimiria eman dute etzirako, 13 gradurekin. Zorte on denei.