14 urtez azpiko Lavie ZRT-Beltzak, bigarren Gipuzkoako ligan

Txintxarri Aldizkaria 2016ko ots. 3a, 11:34
Denboraldi bikaina burutzen ari dira Manu Pelaez eta Gabi Gavilanek zuzendutako gaztetxoak. Gipuzkoako ligan zortzi partidu jokatu eta sei irabazi dituzte; sailkapeneko bigarren postuan direla ekingo diote hurrengo faseari.

Lavie-ZRT Beltzak taldeko gaztetxoek, 14 urtez azpikoek, Gipuzkoako ligako bigarren postua erdietsi dute lehenengo fasean, sei partidu irabazi eta bi galduta. Erabakigarria izan zen azkenekoa, joan den larunbatean Michelinen jokatu zutena. Irabazteak besterik ez zien balio bigarren postu hori eskuratzeko, eta horrelaxe egin zuten.

Atletico SS/Irun konbinatuaren aurka neurtu zituzten indarrak Manu Pelaez eta Gabi Gavilanek zuzendutako jokalariek. Hasi eta buka nagusi izan ziren herritarrak, eta 42-7 irabazi zuten. Norgehiagoka osoan zehar jokaldi ikusgarriak egin zituen etxeko taldeak, ikusleen gozamenerako.

Sufritu, baina irabazi

Ohorezko B mailako Babyauto Zarautz taldeak majo izerditu behar izan zuen Coruñatik (Galizia) hiru puntuak bueltan ekartzeko. Etxeko taldeak estu hartu zituen zarauztarrak, eta markagailuan aurrea hartuta joan ziren atsedenaldira, 13-10, Fran Puertasek gidatutako taldearen akats pare bat baliatuz.

Bigarren zatian markagailua irauli zuen kategoriako liderrak; bi entsegu egin zituzten jarraian, 13-24koa ezarriz markagailuan. Galiziarrek ez zuten amorerik eman ordea, eta berriro ere aurretik jarri ziren, 25-24. Partiduak azken segundora arte borrokatu behar dira, eta horrelaxe egin zuten zarauztarrek: Lucas Panichellik zigor-kolpe bat sartu zuen 45 metrotik, Acea da Ma zelaiko ikusleak zur eta lur utziz. Azkenean, 25-27 gailendu zen Babyauto Zarautz, eta lider izaten jarraituko du beste jardunaldi batez.

Orain atseden hartzea eta gogor entrenatzea dagokie Fran Puertasen jokalariei, asteburu honetan bigarren sailkatua etorriko baita Zarauzko Asti zelaira, Aparejadores de Burgos hain zuzen. Larunbatean neurtuko dituzte indarrak bi taldeek, 16:00etan.

16 eta 18 urtez azpiko taldeak

Hernaniren aurka jokatu zuten 16 eta 18 urtez azpiko Gure Etxea Beltzak taldeek, Zarauzko Asti zelaian. Gazteenek hamalauna berdindu zuten; partidu bikaina jokatu zuten bi taldeek eta ederki gozatu zuten jokalari, entrenatzaile zein zaleek.

18 urtez azpikoek berriz, ezin izan zuten punturik lortu. Jaun eta jabe izan zen Hernani, eta horrela islatu zen markagailuan ere: 14-80.