14 urte azpiko Beltzak, Gipuzkoako txapeldun

Txintxarri Aldizkaria 2017ko mar. 21a, 11:00
Liga amaitzeko bi jardunaldiren faltan direla, Gipuzkoako ligako txapeldun dira 14 urte azpiko ZRT Beltzak.

Ordizia RT menpean hartu zuten, 36-15, Zarauzko Asti zelaian jokatutako partiduan. Matematikoki Gipuzkoako ligako lehenengo postua bermatuta dute, nahiz eta liga amaitzeko bi jardunaldi falta diren oraindik. Denboraldi bikaina ari da egiten 14 urte azpiko talde lasarteoriatar-zarauztarra. Izan ere, ligan partidurik ez dute galdu, eta sailkapen txapelketan jaso zuten 2016-2017ko porrot bakarra. Beltzak taldeko ordezkariek nabarmendu dutenez, "baloiaren mugimendu erabakigarriari eta defentsa bikainari esker" irabazi dute.

16 urte azpiko taldea ere egurrean da. La Rioja 86-0 garaitu ostean, Euskal Ligako fase erregularreko lehen postua ziurtatu dute. Orain, ordea, Euskal Ligako txapeldun izateko 'playoffak' jokatu beharko dituzte. Laugarren postuan geratu den Universitario de Bilbao izango dute aurkari. Irabaztekotan, Bera Bera eta Escor Gaztediren aurkako garailearen kontra neurtu beharko lirateke final handian.