Kirolaz gozatzen, Eneko Kastro gogoan

Iñigo Gonzalez Sarobe 2017ko mar. 19a, 15:14
Berrehundik gora gaztetxok hartu dute parte Landaberri ikastolak antolatutako Eneko Kastroren oroimenezko XX. Krosean. Eguraldi bikaina lagun, igande goizean zehar kirolaz gozatu dute guztiek.

Euskara eta kirola hauspotu dute gaur Eneko Kastroren oroimenezko XX. Krosean parte hartu duten lasterkari gaztetxo guztiek, guraso eta lagunek eta baita antolatzaileek ere. Eguraldi paregabea lagun, berrehundik gora neska-mutil aritu dira lasterka Atsobakarreko parkean inprobisatutako ibilbideetan. Parte hartzeagatik domina bana eta batek baino gehiagok zozketa bidez sari ederrak (futbol, saskibaloi, ur-polo zein errugbi baloiak, kirol-motxilak edota palak, besteak beste) eraman ditu etxera, baina, batez ere, etorkizunean pozarren gogoratuko duten kirol-goiz baten oroitzapen ederra da baliotsuena.

Lehen Hezkuntzako lehenengo mailatik seigarrenera bitarteko ikasleek egin dute korrika, distantzia desberdinetan, lehenengo itzulietan DBHko ikasleen laguntzarekin. Ondoren, bukatzeko, gaztetxo, guraso eta laguntzaileek egin dute lasterka elkarrekin, giro ederrean. Belaunaldi desberdinak batuta, kirolaz gozatzeko. Harro legoke Eneko.

Etxera joan aurretik, zozketa bidez hainbat sari banatu ditu Enekoren ama Margarik. Gaztetxoek pozarren jaso dituzte hainbat kirol diziplinatan aritzeko tresnak: baloiak, motxilak edota palak.

Goizeko irudiekin osatutako argazki galeria