Beranduegi iritsi zen erreakzioa (19-22)

Txintxarri Aldizkaria 2017ko urt. 14a, 21:28
Arteaga II.ak eta Erasunek ezin izan zioten garaipenarekin ekin Promozioko binakako txapelketari. Laso eta Iturriagarekin neurtu zituzten indarrak atzo, Hendaian. Bikote urdina gailendu zen, 19-22.

Esku-hutsik itzuli ziren Hendaiatik Arteaga II.a eta Erasun. Laso eta Iturriagaren aurka atzo jokatutako norgehiagokak ireki du aurtengo Promozioko binakako txapelketa; bikote nafarrak poltsikoratu du lehenengo puntua, herritarrari eta zizurkildarrari (gorriz jokatu zuten atzokoan) 19-22 irabazita.

Lehenengo tantuetan gutxi sartu zen herritarra jokoan. Markagailuak 1-3koa adierazten zuenean, zortzi pilotakada besterik ez zituen emanda Arteagak, eta 29 bere bikotekide Erasunek. Laso eta Iturriaga hasi ziren agintzen, 5-10 irabazten joateraino. Ondoren, bikote gorriak aldea moztu zuen, eta tanto bakarrera jarri, 9-10. Orduan hasi zen Lasoren erakustaldia. Errematez erremate, tantoz tanto, ihes egin zuten markagailuan, txapelketako lehenengo puntua poltsikoratzeko baten faltan geratu arte (11-21).

Arteagak eta Erasunek, ordea, ez zuten amorerik eman. Azkenaldian joko askorekin dabil herritarra, eta atzokoan ere erakutsi zuen norgehiagokaren bigarren zatian batez ere, jokoan gehiago sartu zenean. Aurrez Lasok egindakoa Arteaga hasi zen egiten, protagonismoa hartuz eta tantoak bikain bukatuz. Gorriak markagailuan gerturatzen joan ahala ikara sartu zitzaion gorputzean bikote nafarrari: 19-21ekoa une horretan markagailuan. Halere, ezin izan zuten markagailua guztiz irauli; goregi bidali zuen pilota aurrelari lasarteoriatarrak. Arteaga eta Erasunen erreakzioa iritsi zen, baina beranduegi. Ondorioz, Laso eta Iturriagak zakuratu dute lehenengo puntua.

Bigarren jardunaldian Joanes Bakaikoa eta Ladis Galarzaren aurka jokatuko dute Arteagak eta Erasunek.