Buruntzaldea IKT txapeldunorde Gipuzkoako Kluben Kopan

Txintxarri Aldizkaria 2016ko abe. 2a, 18:18
Lehiaketa biribila burutu zuten pasa den asteburuan Buruntzaldea IKTko igerilari infantil, junior eta absolutuek Ordizian. Gipuzkoako Kluben Kopan lehiatu eta emaitza bikainak erdietsi zituzten. Horren erakusgarri, sailkapen orokorrean lortutako bigarren postua.

Gipuzkoako Kluben Kopa da udazken parteko "lehiaketa zirraragarriena" Buruntzaldea IKTrentzat Borja Apeztegia prestatzaileak zehaztu legez. Igerilari guztiak pentsamolde horrekin lehiatu ziren iragan astean Ordizian, eta nabaritu zen emaitzetan. Taldeak bigarren postua eskuratu zuen sailkapen orokorrean, eta beste lorpen esanguratsu asko ere bai: bigarren postua nesken erreleboetan, laugarrena mutilenean eta marka berri pertsonal (25) eta taldeko adineko eta absolutu mailako errekor (12) ugari.

Txapelketa bukaerako (igandean) emaitza orokorren oinarria larunbat goizetik hasi ziren eraikitzen Buruntzaldea IKTko igerilariak. Goizeko saioan hainbat proba burutu zituzten: 200 bular, 100 libre, 50 bizkar, 200 estilo eta 4x200 estilo libreko erreleboak. Mutilek 1.500 librea ere jokatu zuten. Goiza bukatzean, 3. postuan zegoen Buruntzaldea IKT, neskak ere hirugarren eta mutilak laugarren.

Arratsaldean beste hainbat distantzia eta estilotako frogei egin zieten aurre Buruntzaldea IKTko igerilariek. Neska eta mutilen 4x50 estiloak, 200 bizkarra, 100 bularra, 50 tximeleta eta 100 estiloak. Neskek 800 librea ere jokatu zuten, eta 4x100 libre erreleboa mutilek. 163 puntu zakuratuta bukatu zuten larunbata mutilek, laugarren postuan; neskek bigarrenari eutsi zioten, 215 puntu pilatuta.

Igandeko saioak

4x50 libre errelebua izan zen igande goizeko lehen proba. Ondoren, beste hainbat: 200 libre, 100 tximeleta, 50 bular eta 400 estiloak. Bukaeran, neskek 4x100 errelebua ere jokatu zuten. Balantzea, honakoa: Buruntzaldea IKT sailkapen orokorreko bigarren postuan zegoen horrezkero, neskak bigarren baina txapeldun izateko aukera askorekin eta mutilak laugarren.

Igande arratsaldean erabaki zen dena. Proba ugari jokatu zituzten Buruntzaldea IKTko igerilariek. 50 libre, 200 tximeleta, 100 bizkar eta 400 libre probak eta 4x100 estiloak errelebua. Bukaerako emaitzak ez ziren mugitu: Buruntzaldea IKT txapeldunorde izan zen sailkapen orokorrean, neskak ere bai (sei puntu besterik ez zizkien atera txapeldunak) eta mutilak laugarren.

Iñigo Ibarburu Sabadellera

Absolutu mailako Espainiako txapelketan hartuko du parte Iñigo Ibarburu herritarrak abenduaren 16tik 18ra bitartean. Bertan 50, 100 eta 200 tximeleta probak jokatuko ditu.