Babyauto Zarautz taldea Ohorezko B mailako goiko postuetara begira jarri da berriro, iragan asteburuan Bilbon lortutako garaipenari esker. Universitario Bilbaorekin neurtu zituen indarrak, eta 28-50 irabazi zuen. Bost herritar aritu ziren talde zarauztarrean: Xabi Prieto, Ander eta Xabier Rekondo anaiak, David Vega eta Julen Aristorena.
Asteburu honetan norgehiagoka garrantzitsua jokatuko du Phil Huxford eta Facundo Orivek zuzendutako taldeak. Bigarren sailkatuaren aurka, Donostiako Bera Beraren aurka ariko da. Irabaziz gero, bigarren eta hirugarren postuak gertuago lituzkete zarauztarrek; bestela, aldendu egingo lirateke apur bat.
14 urtez azpikoak Michelinen
Hiruko txapelketa bat jokatu zuen 14 urtez azpiko Lavie/ZRT Beltzak taldeak Michelinen, pasa den asteburuan. Donostiako Bera Bera eta Iruñeko La Unica taldeak izan zituzten aurkari gaztetxoek. Bera Beraren aurka 7-10 galdu zuten, eta 45-0 irabazi La Unicaren kontra.