Errugbi maratoia asteburuan

Txintxarri Aldizkaria 2016ko urr. 26a, 18:30
Astebetez atseden hartu ostean, Babyauto Zarautz taldeak, herriko jokalariak tartean (Ander eta Xabier Rekondo, Julen Aristorena eta David Vega), ezin izan zuen Burgosko UBU taldea mendean hartu. 46-6 galdu zuen talde zarauztarrak. Bestalde, harrobiko Beltzak taldeek ere jokatu zuten asteburuan zehar.

Herrian Euskararen Maratoia egin bitartean, Beltzak taldeek eta Babyauto Zarautzen jokatzen duten herritarrek errugbi maratoia izan zuten asteburuan zehar. 

Seniorren Ohorezko B mailan ari den Babyauto Zarautzek UBU Burgosen kontra jokatu zuen. Azkeneko bi denboraldietan, liga erregularrean, zarauztarrena zen UBUk garaitu ez zuen talde bakarra. Bada, bolada hori bukatu egin zen larunbat arratsaldean. Etxeko taldeak ezin zion inolako aukerarik eman Phil Huxford eta Facundo Orivek zuzendutako jokalari multzoari: 46-6 nagusitu ziren, joko-molde oso bertikala erabiliz. UBUk kategoriaz igotzea du xede, eta maila oso oneko hamar fitxaketa egin ditu aurten, helburua lortzeko. Momentuz, jokatutako norgehiagoka guztiak irabazi ditu.

Babyauto Zarautzentzat berriz, larunbatekoa denboraldiko bigarren porrota izan zen. Aurten talde oso gaztea daukate (21 urtez azpiko zazpi jokalari denera), baina hala ere oso ongi konpetitzen ari dira, eta garaipen-porrot balantzea positiboa da: 3-2.

Harrobiko taldeak egurrean

Beltzak taldeetan ari diren gazteek han eta hemen jokatu zuten asteburuan zehar. 18 eta 16 urtez azpiko Gure Etxea Beltzak taldeak Eibarrera joan ziren, bertako taldearen aurka jokatzera. Maila handiko taldeak direla frogatu zuten beste behin: 0-93 eta 0-94 irabazi zuten, hurrenez hurren. 14 urtez azpikoek triangular bat jokatu zuten Eibar eta Ordiziaren aurka. Bi norgehiagokak irabazi zituzten, 0-45 eta 0-5.

Lavie Beltzak eskolako gaztetxoenek ere pare bat topaketa egin zituzten igandean. 10 urtez azpikoek maila ederra erakutsi zuten, jokatutako bost norgehiagokak irabaziz. 12 urtez azpikoek berriz, bi irabazi eta beste bi galdu zituzten.