Infantil mailan ere, Madrilera

Txintxarri Aldizkaria 2016ko api. 26a, 19:54
Juniorretan ez ezik, beste kategoria guztietan izango du ordezkaritza LOKEren judo alorrak, Espainia mailan. Txartela lortzen azkena Martin Sebastian infantila izan da; urrea kolkoratu zuen Euskadikoan, iragan igandean.

Esteban Martinez seniorra, Ander Garrido kadetea eta Martin Sebastian infantila. LOKEren judo alorrak hiru ordezkari edukiko ditu kategoria bakoitzeko Espainiako txapelketetan, Madrilen. Martinez igande honetan ariko da, eta datorren astekoan (maiatzaren 8an) Garrido eta Sebastian. 

Martin Sebastian infantilak pasa den igandean eskuratu zuen Espainiakorako txartela, Etxebarrin (Bizkaia) jokatutako Euskadiko txapelketan. Ederki lortu ere: urrezko domina kolkoratu zuen, hiru borrokaldi irabazita. Lucas Morales taldekideak ere hartu zuen parte, eta bera Madrilen izango ez den arren, txapelketa bikaina burutu zuen, brontzezko domina irabazita. 

Bi zilar Andorran

Ander Garrido eta Yeray Mendibe kadeteek zilarrezko domina bana ekarri dituzte bueltan Andorratik. Pasa den asteburuan aritu ziren bertan lehian, Hondarribiako Amaguadalupekoa klubeko judokekin batera.