Euskalerria triatloi zirkuitua irabazi du Pili Bodegasek, emakumezkoen 'Beterano 1' kategorian

Txintxarri Aldizkaria 2016ko ots. 1a, 12:22
Lasarte-Oriak izan zuen ordezkaritza urteroko Euskal Herriko triatloi eta duatloi festan. Pili Bodegas herritarrak 2015eko Euskalerria triatloi zirkuitua irabazi du, emakumezkoen beterano 1 kategorian, denera 1.425,47 puntu zakuratuta.

Herriko atletek sariak jasotzen jarraitzen dute 2015ean egindako kirol merituengatik. Pasa den asteko asteazkenean Raul Gomez Margallo lasterkaria saritua izan zen Kirolprobak liga irabazteagatik. Igandean berriz, Pili Bodegas triatleta protagonista izan zen Euskal Herriko duatloi eta triatloiaren festan, Euskalerria triatloi zirkuitua irabazi duelako emakumezkoen beterano 1 kategorian.

Denera 1.425,47 puntu poltsikoratu ditu Yepa! triatloi klubeko kideak. Kategoria horretako podioa Adriana Campoyek (Yepa!) eta Idoia Clavellek (Bilbaotri) osatu zuten; 1.242,31 eta 1.238,98 puntu eskuratu dituzte, hurrenez hurren. Emakumezkoen sailkapen orokorra berriz, Urola triatloi klubeko kide Ibone Sanchezek irabazi du, 1.548,01 puntu zakuratuta. Gizonezkoetan Urko Herranek irabazi zuen 2015eko Euskalerria triatloi zirkuitua, 1.587,77 punturekin.

Iruneko Atalaia Hotelean ospatu zuten Euskadiko zein Nafarroako federazioek urteroko duatloi eta triatloi festa.