Udal hauteskunde berriak datozenean, betekizun politikoak gordetzea dagokigu, hiritar sena erakutsiz. Udala da gure eguneroko bizieran eraginik handiena duen erakunde politikoa. Ez da ahaztu behar baina, Korporazioaren osaera bat edo bestea delarik ere, administrazioaren esparru mugatu horretatik aparte bizi garela neurri handi batean, arau ofizialek taxutu ezin dituzten tarteetan. Udalaren ardurapekoak ez diren alor eta eginkizunetan.

Aurreko zutabe batean azaldu nuen irudi batekin jarraituz, Udalari hiriaren eraketa dagokio. Eta inork ez du ukatuko hirigintzaren garrantzia. Hiria ondo eratzea eta udal zerbitzu egokiak prestatzea funtsekoa dela gure bizimoduaren kalitateari eusteko. Baina, herrigintza egitura urbanoak sortzea edo udal araubideak onartzea baino askoz gehiago dela esan nuen eta berriro diot. Era berean, egunean-egunean herritar banako zein taldeek izandako harremanetan eta burututako ekinbideetan egiten dugula herria.

Herritarren arteko harreman horiek herriaren nerbioak direla esan behar, edonola eta edonon sor daitezkeenak, nahita edo kasualitatez, diskretutasunean edo agerian, toki pribatu edo publikoetan. Etxeetan, dendetan, espaloi edo plazetan garatzen ditugula harreman edo elkarlan horiek. Hortik datorkio Lasarte-Oriari duen bizitasuna. Gure gizartearen zainak behar den bezala babestu behar ditugula esatea derrigorrezkoa litzateke, osasuntsu iraun daitezen. Horren erantzukizuna ezin dugu besteren bizkarrean utzi. Bakoitzarena eta guztiona baita. Guztiona izanik, Udalarena ere bai. Hiriaren itzalean, herritarren (banako edo taldeen) influentzia soziala sendotuko litzateke, hiria beraren mesederako gertatuz.