Euskal Herriak duen kokaguneagatik leku berezia dela esan genezake, besteak beste, lurraldea bitan zatitzen duten bi isurgune ditugulako, kantaurikoa eta mediterraneokoa.
Beste hainbatetan gertatu izan den bezala, urtarrilaren 12 an, Bilbon, euskal presoen eskubideen alde antolaturiko manifestazioak ere zatiketa ekarri zuen, aldekoen eta kontrakoen artekoa. Baina oraingoan, ordea, zatiketa ez zen giza-uholdea gelditzeko gai izan.
Euskal Herriko iturburu desberdinetan jaio, eta mendietan behera, ibarrak eta haranak zeharkatuz, Bilborarteko autopista eta errepideak hartuz, Bilboko kaleak giza-uholde batez bete ziren, Bilbok gainezka egin zuen.
Manifa garai berean, euria hasi zuen, erruz, goi-behe. Ondorengo orduetan ere ez zuen atertu, bota ta bota, eta urak handitzen zihoazen, ibaiak hazten, bazterrak putzuz betetzen. Hainbat tokitan ibaiek gainezka egin zuten, belardi soroak guztiz estali arte eta larrialdietako emergentzi planak martxan jarri ziren.
Ohi den gisara, ekaitzaren ondoren, barealdia eta urak bere onera . Xabier Leteren kantak dioen bezala: “…Itsasoan urak handi dire, murgildu nahi dutenentzat….”
Argi geratu da uholde guztiak ez direla berdin neurtzen, benetako erantzukizuna dutenek ez baitute larrialdietarako emergentzia plana martxan jartzen, milaka lagun, ur handitan murgiltzeko prest izan arren, beste herritar askoren eskubideak urak eramaten dituen bitartean.