Gure ondoko baserriak laurehun urte ditu. Inguruko baserritarrek oso baliabide gutxirekin eraikitako etxebizitza, zeinek mendetan zutik tinko dirauen, ekaitzei, elurteei eta haizeteei aurre eginez.
Baserrian Inaxio bizi da bakarrik, 80 urteko agurea. Bertan jaio, hazi eta bizi dena. Bera hirugarren belaunaldia da baserrian, aitona eta aita ere bertan jaiotakoak baitzituen; bere seme-alabak, berriz, ospitalean jaio ziren, orain kalean bizi direnak, bilobekin batera.

Azken aldi honetan, ospitalean etxean baino denbora gehiago ematen du gizarajoak. Diabetesa dela-eta ezkerreko zangoa moztu behar izan diote, belaunetik gora. Baina Inaxioren kezka nagusiena ez da bizitzear geratzen zaiona gurpil-aulki bati lotua egon beharra, baizik eta ezingo dela baserrian bakarrik bizi eta etxeko ateak itxi beharko dituela.

Baserria hutsa geratuko da, ez baitago atzetik jarraipenik emango dion belaunaldirik. 400 urteko pasarte, istorio eta kontuak bere baitan geratuko dira preso. Inaxio baserriari lotua bizi izan da, baserritik eta baserrirako;  baserriak eman dio dena; hotz zuenean aterpe, gose zenean jaten, eta atsekabean babes. Gizaldiz gizaldi, eskuz esku pasatu den oinordekotzari iritsi zaio, iada, amaiera.

Mendeetako lotura hautsiko da, ama-lurrarekiko errespetua lehenetsi duen ereduaren azken katebegia apurtuko da, belaunaldiz belaunaldi era naturalean egin den transmisioa galduko da.  Hizkuntzaren transmisioa, kultura,  kirola, ohiturak, bizi izateko modu bat … Eta gu, 6 hilabete ere ez dituen mugikor zaharra eskutan, azken belaunaldiko Smartphone bat erosteko irrikaz.