Eusko Jaurlaritzak 1960 eta 2003 artean Euskadin izandako tortura kasuen ikerketa agindu zion Paco Etxeberria auzitegi medikuari, eta, ikerketaren lehen hilabeteetan 3.587 salaketaren berri eman dute. Azken 55 urteetan poliziaren esku torturak edo tratu txarrak jasan eta salatu dituzten euskal herritarren salaketak jasotzen dira.

Kalte larriak eragiten dizkio torturak torturatuari. Bai fisikoak eta bai psikikoak. Ilea gal dezake, nortasuna, edo arnasa, une baterako zein betirako. 

Gainera, ondorio larriak eragiten ditu torturak, agerikoak ez direnak, ezkutukoak, sakonagoak direnak askoz. 

Baina kalterik handiena, ordea, sistemari eragiten dio torturak. Torturarentzat ate, leiho edo zirrikituren bat zabalik uzten duen sistemari, alegia. Estatuaren kontrolpean dagoena omen da onartzeko moduko bortxakeria bakarra. Tortura, ordea, kontrol guztietatik at dago, ekintza krudela, koldarra eta basatia. 

Bere burua demokratikotzat duen estatu batek egin dezakeen guztia eta gehiago egin beharko luke bere lurraldean, torturatzen denik susmatzea ere ezinezkoa izan dadin.

Bake eta bizikidetza planaren barnean iragana argitu nahi da, pasarte ilun eta lausoak baiditu gure herriaren iraganak. Baina euskal presoei beroien aitortza eta damua eskatzen zaien gisa, torturatzaile eta borreroek ere onartu dezatela berea.

Zenbat jipoi, poltsa eta elektrodo demokrazia hitzarekin mozkortzen direnen eskuetatik, inongo ondorio politiko eta judizialik gabe.