Begiak zabal-zabalik zituztela ibili ziren umeak joan den asteburuko Xacobeo azokan

Begiak zabal-zabalik zituztela ibili ziren umeak joan den asteburuko Xacobeo azokan. Buztinari forma nola ematen zaion edo hegaztiak keinu batekin eskura nola joaten diren ikusi ahal izan zuten, ortzadarraren koloreko goxoki, lepoko, gerriko eta jantzi artean. Keinu bera marraztu zitzaien aurpegian, Okendon, txotxongiloek kontatzen zituzten ipuin mitologikoekin ere. Horietako bat, Tartalorena. 

Ez dakit gogoan izango duzuen begi-bakarraren istorioa. Bi ume eramaten zituen bere kobazulora haiek jateko asmoarekin, eta handik alde ez egiteko eraztun magiko bat jartzen zien hemen nago, hemen nago esaten zuena. Azkenean, istorioak amaiera zoriontsua dauka, eta umeek Tartalorengandik ihes egitea lortzen dute, eta azken honek, itsututa, ibaian bukatzen du itota. Hala ere, Okendon kontatzen zuten bertsioan Tartalo ona bihurtu dela eta Euskal Herriko mendiak zaintzen dituela esaten zuten, eta umeei gauza bera egiteko dei egiten zieten. 

Tartalo, bere egiteko berriarekin, nahikoa lanpetuta ibiliko da geurean. Bestela, Zubietako gainetara begiratu besterik ez dago: mendiak zulatuta, zelai eta zuhaitz berdeak hormigoi grisez zanpatuta eta lehen animalien bazkaleku zena, orain, hondeamakinena bihurtua. Eta hori dena, besteak beste, gure eta gure ondorengoen osasunarentzat ondorio larriak ekar ditzakeen errauste planta eraikitzeko.

Asteburu honetan hori guztia geldiarazteko zita garrantzitsuak ditugu geurean. Bete ditzagun kaleak duela astebete bezain beste, eta eman diezaiogun bultzada Tartalori, premia badu eta.