Senidegoa, herria, aberria

Jexux Artetxe 2016ko urt. 15a, 10:21

Aberria gertukotasunean mamitzen den atxikimendua da. Xabier Letek, gure garaiko poeta haundienak, paisaia bat zela esaten zuen. Paisaia fisikoa eta mentala, bihotzekoa eta kulturala, gure bizitza errealaren eszenarioa eta ametsetan irudikatzen duguna ere bai. Lurralde jakin batekin lotzen dugu aberria. Baina, dagokion kokalekuaren mugarrietatik gaineko adierazpenak ere agertzen dituena, “haurridego bat, senidego bat, eta elkarrekin, gure bizilekua, gure aber-paisaia, hobeagotzeko, ederragotzeko asmo sendo bat eta kapazidade bat, morala, intelektuala, politikoa... Hori dena litzateke aberria”. 

Asko gara Lete zenaren azalpenekin bat gatozenak. Inongo herri edo aberriaren gainetik jarri gabe, beste inoren aurreko gailentasunik izateke, gutar askok gurearekiko dugun sentimendua modu berezian bizi ohi dugu. Aberria (herria) egunero eraikitzen ari garen elkargunea denez, (ab)errigintzaren formulazioa derrigor irekia, eta elkartzailea, izan behar du. Egunez egun, ‘senidegoa’ senide berriez osatzen ari den bezalaxe, gizarte-bizitzaren bilakabidearekin batera aldatzen ari zaigu gure inguru fisiko eta mentala. Esan genezake irekitasuna izan dela nagusi azken mendeetako euskal herrigintzan. Horrek ez du, ordea, gure herri nortasuna zokoratu. Arian-arian mundutasunera zabaldu bada ere, gure gertukotasunaren ikusmira partikularra ez da desegin.  

Bada, hala ere, partikulartasun hori mantentzeak gure etorkizuna zamatzen duela esaten duenik. Unibertsalak izan behar dugula diote, alternatiba gisa. Unibertsaltasuna eta aberriaren ukazioa aldarrikatzen duten horiek, independentziarako biderik bizkorrena delakoan ari omen dira. Xedea beharko lukeena bidearen menpeko eginaz. Hala baina, jarri gaitezen serio: ba al du inolako zentzurik ‘haurridego’ edo ‘senidego’ partikular jakin bati zuzenduta ez dagoen independentzia horrek?