Parisko goi bilera

Mailu Arruti 2015ko abe. 18a, 09:41

Munduari gradu bat ala bi gehienez berotzen utziko diogun omen da gakoa orain. Erregai fosilen amaiera zehazten joatea eta prozesu horren kostua nork ordainduko duen noski.

Gu banakook ohiturak aldatu behar ditugu. Batez ere gure osasunagatik baina baita mundua xixko eginda uzten ari garelako. 

Garapenaren izenean Oria ibaia apar zuriz estalitako urte haiek datozkit burura. “Ibaia zerri eginda dago baina zer egingo dugu ba, papelerak itxi? Nondik biziko gara? Lanpostuak galduko dira”.

Tabakoa uzteko esan ziguten  batez ere gure osasunagatik baina baita ere gizarteari osasun arloan kostatzen zitzaionagatik. 

Orain petrolioa eta ikatza kontsumitzeari uzteko esaten digute gure osasunagatik eta planetaren berotzeagatik. 

Eta oraindik ere egin ahala guztian hor dabiltza batzuk Garoña zaharkitu hori ireki nahian.

Etekina lortzeko prozesuan kostu ekonomikoak bakarrik hartzen ditugu kontutan eta hain erraz kontabilizatzen ez diren kostuak sartzen ez ditugun bitartean, esan nahi da: kostu ekologikoak, osasun kostuak, emozionalak, giza harremanei dagozkienak e.a, errazagoa izango da zerbait errentagarria egitea. Hori bai, epe motzean. Itxurazko herri bat, mundu bat edo planeta bat utzi nahi badiegu ondorengoei, epe luzera eragiten duten kostu horiek ere sartu beharko ditugu.

Zenbat kosta ote da Pariseko goi bilera hori?

Akordio loteslerik lortu ez duen goi bilera ponpoxo hori?

Hainbeste mandatarik planeta ez berotzeko zer neurri erabili ote dituzte Parixen bilduta zeuden bitartean?