Ostadar SKT eta LOKE

Gorka Alvarez 2015ko api. 10a, 11:16

Batzuetan kritikarako erabili izan dut zutabe hau, besteren batean iritzia plazaratzeko txoko polita iruditu zait honakoa, gaurkoan aldiz, bi goraipamen egiteko baliatuko dut.
Bereziki, herri mailan eta kirol arlo zehatz batzuetan lan handia egin duten bi talde azpimarratu nahi ditut. 

Ostadar SKTko futbol saila. Herriko erreferente garbia da futbolean eta betidanik hor egon denaren sentsazioa baldin badugu ere, urte askotan zehar, pertsona askok botatako izerdiari esker dago gaur egun Gipuzkoa eta Euskadi mailako maila lehiakorrenetan. Ezin ahaztuko dugu, urteetan zehar Gipuzkoako mailetan neskek emandako pozez gain, azken urteotan, gizonezkoetan, senior mailan, gazte mailan eta kadete mailetan taldea zein lehiaketetan ari den borrokan. Ostadarrek herriko kirola sustatzeko duen  helburu nagusia betetzeaz gain, talde asko maila altuko lehiaketara eramatea lortu dute eta pauso hori ematea ez da batere erraza. Zorionak eman eta nire omenaldi txikia lerro hauen bidez, isilpean lanean ari diren eta egon diren guzti horiei.

Bestetik, ezin ahaztuko dut  LOKEko atletismo saila. Urte askotako lanak eta egunerokotasunean burututako kalitatezko entrenamenduek, gero eta emaitza hobeak lortzera eraman dute taldea. Argi dago, gaurko egunez, LOKEk herriko atletismoan erreferente izateaz gain, bai gizonezkoen, nahiz emakumezkoan mailetan ere,  emaitza bikainak lortzen dituela eta hori noski, ez da egun bateko lanarekin lortzen. Nire miresmena adierazten diet, bertan lanean aritzen diren entrenatzaile, laguntzaile eta atleta guztiei. Atletismoak herrian bere txokoa izatea eta lehiatzen emaitza paregabeak lortzea, ez baita askotan erraza eta zuek lortzen ari zarete. Ziur nago bat baino gehiago bere talaiatik begira pozik izango dela horrenbeste maite zuen taldeak tinko jarraitzen duela ikusita.

Zorionak eman bi taldeetako sail hauei eta noski beste hainbat sailetan lanean ari diren pertsona anonimo eta kirolzaleei ere. Zorionak eta eutsi goiari!