Oporrak ez dira derrigorrezkoak

Mailu Arruti 2017ko uzt. 28a, 14:46
"Oporrak ez dira derrigorrezkoak. Borondatezkoak baizik. Badakit langileen eskubide garaipen bat direla, baina niri asko gustatzen zait lan egitea eta lantokian geratuko naiz.” (Cristina Cifuentes. Madrilgo komunitateko presidentea.)

Alfonbra azpitako hautsak garbitzen geratuko da noski. Zer garbitua badaukate eta. Faena ederra egin die bere menpeko langile "txupakulosei". Ea orain zein den gorantz promozionatu nahi duen langile ausarta zeinak esango duen bera badoala oporretara.

Oporrak suprabaloratuak omen daude. Hil ala bizikoak ez direla badakigu. Tamalez oporrik hartu ezin duen langile asko dago bere prekarietate ezpatak uzten ez diolako. Autonomo gizagaixoa, bezeroak galtzeko beldurrez, familia oporretara bidali eta bera asteburuetan joanez dabilena. Zer esanik ez opor iraunkorretara kondenatua dagoen lanik ez duen langilea.

Azala behar du horrelako baieztapenak egiteko. Eredu eman nahian bezala. Beste arlo askotan ikusi nahiko genuke eredua. Zintzotasunean, leialtasunean, efektibotasunean etab. 

Baldekadaka dirua lapurtu, lapurtzen jarraitu eta hala ere katalanei astero diru publikoa zertan gastatzen ari diren exijitu, kontu-hartzaileen izenak eskatuz.

Baina modu honek funtzionatzen du. Zergatik? Oporrak debekatzea, murriztea, horrela "a la brava" ez da politikoki zuzena. Beraz horrela esanez gero, langilearen teilatu gainean uzten du pilota. Bere kontzientzia ahulean. (Nagusia ez badoa, nola joango naiz ba ni.)

Entzun, entzun, kras, kras, kras, guraize soinua entzuten dut jada. Zuek ez?