Oporrak, “el pueblo”n

Mailu Arruti 2016ko eka. 16a, 20:37

Txikitan uda etortzen zenean eta zehatzago abuztua, herria husten zen. Oporrak pasatzera “el pueblo”ra joaten ziren eta beste fauna bat azaltzen zen Lasartera zaldiekin batera, “kaballistak”. Lehengo inbasioaz gain, udan madrileño jende hura. Horrela bizi genuen orduan.

Urteak pasata, ama gaztea nintzelarik, “el pueblo”ra joaten ziren haien seme-alabak gureekin batera zebiltzan ikastolan, pinturan, musikan, dantzan, kiroldegian e.a. Eta beraien “el pueblo”ko abenturak kontatzen zizkiguten umezain plazan geunden bitartean kafetxo bat edo beste hartuz. Urteetan hartu dugu Monterrubio de la Serenako oliba olio bikaina gure otorduetan. Beraien herriko ondo irabazitako fama duena alafede. Aurtengo Aste Santuan ziklo bat itxi dugula sentitu dut. Hainbeste entzundako “el pueblo” ezagutu dut. Gure alaba eta bere lagunak (krisia dela eta) “el pueblo”ra joan dira oporretan. Eta gu ere etxera bueltan “el pueblo”tik pasa ginen. Ez dut sekula ahaztuko besape alturaraino azulejatua zegoen “el pueblo”ko etxe tipiko hartako pasilloan elkarri eman genion besarkada. Begiak dir-dir genituen denok. Azkenean gu ere “el pueblo”ko parte ginen.

Ipar ala hego, ondo orekatuak behar ditugun hemisferioak gure burmuineko ezkerreko eta eskuinekoak bai dira.