Mugikortasun astea ospatu zen aurreko astean. Arratsalde gutxi izan ziren baina, tarte batez aske sentitu ginen. Bereziki ostegun arratsaldean (irailak 19) Kale Nagusiko zati bat ibilgailuei itxi eta oinezkoei oparitu zitzaienean. Ez kotxerik, ez autobusik, ezta motorrik ere. Aldiz umeak korrika, jolasean, helduok beraiei begira eserita espaloietan edota asfalto gainean. Behingoz askatasuna. Ez zebrabide, ez semaforo; benetako askatasuna eta lasaitasuna kalea oinezkoena izatea da. Hau primeran islatu dute herriko haurrek dendetan ikusgai jarri dituzten marrazkietan.
Mugikortasuna giza eskubide bat omen da. Halere, egunerokotasuna oztopoz beterik dago. Zaila da benetan ibiltzea ibileraz gozatzen: zaila mugitzeko zailtasunak dituztenentzat, zaila ume txikiekin mugitzen direnentzat, zaila beste mugikortasun baten alde egiten dutenentzat (bizikletaz, patinetez, patinez… garraia-tzen direnentzat). Gidari askok, ordea, bolante aurrean sentitzen duten askatasuna goraipatzen dute. Hori entzun izan dut nire inguruan behin baino gehiagotan. Paradoxa bitxia.
Okendo plaza eta bere ingurunea herriak bereganatutako espazio lasaia da, dudarik gabe. Erdigune bizi-bizia. Jolaserako, hizketarako, ospakizunetarako edota besterik gabe egoteko. Garaipena oinezkoentzat eta herriarentzat. Hiribusa bezala, bidegorria bezala… Halere, oraindik ere “Mugikortasun aste” asko geratzen zaizkigulakoan nago, Lasarte-Orian edota Europan zehar, herriak edo hiriak hirritarrenak baino motordun ibilgailuenak direlako.