Memoria eta ondarea

Erabiltzailearen aurpegia Mikel Yarza 2018ko mai. 11a, 11:05
Gerra oro bi aldiz borrokatzen da, gudu-zelaian lehenik, oroimenean ostera. Jatorri vietnamdarreko Viet Thanh Nguyen idazle estatubatuarrarena da esaldia, baina mundu zabalean aplika genezake.

Gerra oro bi aldiz borrokatzen da, gudu-zelaian lehenik, oroimenean ostera. Jatorri vietnamdarreko Viet Thanh Nguyen idazle estatubatuarrarena da esaldia, baina mundu zabalean aplika genezake. Gurean, ETAren behin betiko amaierak erreakzio soka luzea ekarri du eta Kanbon, Bertizen zein Madrilen, ordezkari politikoek ez dute aukera galdu euren mezuak gizarteratzeko. Agintarien aldarriek baino arreta gehiago merezi dute, ordea, bozgorailuak eskura ez dituzten biktimek.

Askotarikoak dira biktimak, hildakoez gain, baita euren alboan hamaika modutara sufritu ostean bizirik jarraitzen dutenak ere. Euren istorioak ezagutu eta partekatzea da iraganaren irakurketa integrala jorratu eta gizarte osasuntsu bat eraikitzen jarraitzeko bidea. Azken batean, jende andanak bere larrutan sufritu du hamarkada luzez, baina gazte askok zorigaiztoko azken astinduak besterik ez ditugu ezagutu eta etorriko direnek urruneko historiatzat jo lezakete kontu berbera.

Begirada atzera botaz gero, are urrutiago geratzen zaizkigu diktadura garaiko basakeriak, epaituak ez izateaz gain, oraindik ere Espainiako estatuko eragile instituzional nagusien gaitzespenik jaso ez dutenak. Zer gertatuko da sufrimendurik lazgarriena pairatu zutenek mundu honi agur esatean? Nork eta nola emango digu gure iraganaren berri? Ez gaitezen zauriak sendatzen ahalegindu ordez alfonbrapean ezkutatzen tematu, ez dezagun akats berbera berriz ere errepikatu. Egia da gure ondorengoei zor diegun gutxienekoa.