Joan den astean bete da Xabier Lete hil zeneko laugarren urteurrena. Bere adierazpenetako batzuk berrikusten aritu naiz gaurko zutabea abiatzeko laguntza bila. Bere pentsamoldea ezagutzeko aipatuenetakoak ez badira ere, Xabierrek aberriaz esan zituenak oso gogokoak ditut. Abertzaleok arazorik gabe gureak egingo genituzkeen burutapenak dira. Aberriarekiko maitasuna, arbasoenganako begirunea, sorlekuaren aurreko atxikidura, hizkuntza eta kultura ederragotu nahi izatea, … “Aberria senidego bat bezala da… eta ez du etsairik behar”, gaineratu ohi zuen berak. Baina, etsai bila altxatzen den nazioaren bandera erabiltzearekin ez zen bat etortzen.

Gaia agertzeko orduan, gerra aurreko olerkariek irekitako bidea hartu zuela zioen Letek. Hala uste dut nik ere. Gure herriaren jarraikortasunaz arduraturik zegoen Orixe, Euskaldunak poemaren atarian. Hari beretik, Lizardik ezin hilkor litzatekeen herri-baratzarekin (aberriarekin) amestu zuen. Etorkizuneko aberri-bidea egiteko, sukaldea goritzeko pizkundea eragitera deituz. Pizkundearen “suaren suak  inguru guztietara gure izatearen zergaitia, aberriaren garrantzia eroan dagian”, idatzi zuen halaber Lauaxetak.

Bide beretik doa, nere ustez, Jon Sarasuaren hausnarketa. Euskaldunon egungo desafioen artean, egitura politikoarena (Etxea) eta herriaren jarraidura (Sua) bereizi ditu honek. Etxea eraikitzea lehenetsi behar dela esaten dutenen aurka, Sarasuak dio euskaldunok etxe propiorik gabe bizi izan garela, eta “hori horrela izanda ere, gure kulturaren Sua, euskaltasun hau, euskal izaera hau, transmititzea lortu dugula”. Urteetako ezbehar eta okerren ezin esanezkoen gainetik, katea ez da eten. Zenbaitzuentzat, ordea, aberria galga bihurtu da. Euskaltasuna aldarrikatzeak despisterako erabil daitekeela esaten dute, orain ez omen duelako indar askatzailerik.  Argudio lanbrotsu hauen artean, “asaba zaharren baratza” ez dela nabari azaltzeko,  Xabier Leteren hitzak hartzen ditut berriz ere. Ez gaitezen presta, horratik, “etxe hustua arrotz guztiei saltzera”.