Igandea, goizeko 7:30ak. Iratzargailua oihuka, ni galduta. Zergatik? Zer ordu da? Zertarako esnatu? Gaurkoan ordea, egunerokoan baino gutxiago kosta zait nire oinak ohetik kanpo jartzea. Begiak ireki orduko, urteko egun berezi horietako bat bizitzen hasteko ilusioa eta zirrara sentitu dut. 

Askorentzat, ordu aldaketaren igandea. Beste askorentzat egun triste eta laburren hasiera. Niretzat ordea, gaur egun berezia da. Hamargarrenez, herriko lasterketa maitean parte hartzeko aukera izango dut. Pozik nago. Egia esan, betidanik gustuko izan dut lasterketa hau. Egoera eta garai onenetan, zein momentu txar eta gogorrenetan ere, bertan izateko plazera izan dut. Lasterketa honekin hazi naizela esan daiteke. Hazi kirolean, hazi korrikaren munduan eta bereziki ikasi dut urteetan zehar ilusioak eta lanak lor dezakeena. 

Urte asko dira, lasterka ibiltzen naizela. Modu xumean, apalean. Zergatik? Arrazoiak asko dira eta luze emango luke azaltzeak baina azpimarratzekoa da modu honetan aritzen garenontzat, norberaren herriko lasterketak duen karga emozionala. Batzuentzat euren lehen lasterketa izango da, besteentzat euren marka berria ezartzeko leku aproposa. Beste batzuek, herritarren aurrean euren dohainak erakutsi nahiko dituzten lekua eta ziur badirela lagunen artean apustu edo norgehiagokarako ere aukera aprobetxatzen dutenak. Hauena guztiena da lasterketa.

Niretzat, momentu goxoa eta polita izaten da. Horrenbeste bizipen, egoera eta hainbat oroitzapenen eszenatoki izan diren kaleetan lasterka aritzea ederra da oso. Familia, lagunak, ezagunak, ezezagunak… oihuka entzuteak, 10. parte hartzea, lehenengoa balitz bezala bizitzea dakar. Jarrai dezagun egun hau, askorentzat berezi egiten, guztiona delako eta guztientzat delako. Honelako ekintzek, egiten baitute herria, herri eta kirolaria kirolari.

LASARTE-ORIA BAI!