Denok ginen hasieran norbaitenak. Gu Kontxitarenak izan ginen hiru urtez. Mariangelesenak gero; erortzeko zorian zegoen esnezko hortza ez zuen beste inork berak bezain goxo kentzen. Handitu ahala norbaitenak izatetik norbaiten gelakoak izatera pasatu ginen, harro. Begoñaren gelakoak, Abenerenak… Inoren gelakoa izateari ere uko egin genion arte. Handi eta aske sentitzen ginen. Adinari loturiko iraultza txikia.
Baina halako batean, irratian Leteren «izotz ondoko eguzki» entzuten duzun bitartean kantuan hasi zara eta ohartu zara Jonek lehendabizi eta Marijok gero irakatsitako letra zurekin daramazula; edo hiruko erregela bat egin behar duzun bakoitzean paper muturrean Mikelek arbelean marrazten zuen irudi bera egiten duzula modu inkonszientean; edo ez zaizula sekula ahazten Hawaiiko hiriburua Honolulu dela Danik mapa mutu batean «Haguay ze guay» idatzi zuelako behin.
Konturatu gabe geurekin daramagu bakoitzaren zerbait. Dabidekin egindako antzerki eta deklamazioak; «lenguaje» deitzen genion horretan Txarok edo Elenak irakatsi eta zertarako ziren ere ez genekizkien aditz pluskuanperfektoak; edo tximinoarena eginez Julenek azaldutako «monkey» hitza,… Horiek ere ez zaizkigu geroztik ahaztu. Eta gogoratzen hasita burura datozkit Lourdes eta Josu eta Ramon eta Juan txoferraren puntualtasuna eta pasilloetan gurutzatu eta Joan edo aita, nola deitu oso ondo ez nekienekoa, eta Josune, Pako,… denak Imanolen etxean. Gure etxean.