Kultura ala kontsumoa

Erabiltzailearen aurpegia Mikel Yarza 2018ko ots. 9a, 10:20
Badatoz Inauteriak eta, urtero lez, lasarteoriatarrok, mozorroak soinean, kalera atera eta festan murgilduko gara. Beteta ikusiko ditugu herriko kale eta plazak, eta jai giroa familia zein lagunartean gozatzeko probestuko. Baina, aldera dezagun argazki koloretsu hori, urteko asteburu arrunt batekin

Badatoz Inauteriak eta, urtero lez, lasarteoriatarrok, mozorroak soinean, kalera atera eta festan murgilduko gara. Beteta ikusiko ditugu herriko kale eta plazak, eta jai giroa familia zein lagunartean gozatzeko probestuko. Baina, aldera dezagun argazki koloretsu hori, urteko asteburu arrunt batekin. Kaleak erdi hutsik, tabernak topera.

Taberna da nagusi asteburuz, bertan egin ohi du festa gazteriak. Badira batzuen gozamena posible egiteko bitarte horretan lanean aritzen direnak, baita tabernetara bertaratu ez eta lagunen lokalean geratzea nahiago dutenak ere. Kalean, ordea, ezer gutxi. Musika, antzerki, dantza, pintura edota beste edozein diziplina artistikoren emanaldiek biziberritu litzateke gure txokoak, baina herriko plaza erdi hutsik topatu ohi dugu astebururo, baita bertako eszenatokia ere, sortzaile lasartearren topaleku izan litekeen hori bera. Kultur egitasmoek badute tartea herriko zenbait gunetan, eta ziurrenik lerrook irakurtzen dituzten hainbat pertsonak hartuko dute parte halako jardueretan. Erronka, ordea, sormena kalera ateratzea da, bertan eratzen baita, azken batean, begirada ezberdinen arteko elkartruke aberatsena. 

Kulturaz ari garenean, batzuek nahiago izaten dute kontsumo hitza alboratu, sormenarekin loturiko ekimenak merkatu kutsuko adierarekin lotzea ekiditeko asmoz. Bada, hain zuzen horregatik, hausnartzeko modukoa da kulturarekiko dugun jarrera; baita berau besarkatu eta sustatu ordez, gehiengo zabalaren aisian jana eta edana nagusitzea ere. Tabernarien lana estimatzekoa da, noski, eta guneok ere badira herritarren beharrezko topagune. Baina gogora dezagun, herria bizirik mantentzeko, ezinbesteko dela sormena plazara eraman eta denon artean kontsumitzea.