Korrika badator, baina poliki goaz!

unai-munoa 2017ko mar. 31a, 11:20

Hamar eta hamaika urteko neska mutilekin egiten dut lan, bertsolaritza erakusten. Sorkuntzaren balioetan hezteaz gain, euskal kulturaren transmisioa eta euskaren erabilera ludikoago bat eskaintzea da gure helburu nagusia.  

Mundu osoa hain eskura dugun garai hauetan, edozein abesti, pelikula, bideo-joko… kontsumitzen ditugun teknologiaren lurraldean, gero eta zailagoa da gure mundu txikia babestea. Nire ikasleen gehiengoak ez daki nor den Fermin Muguruza, ez eta gure lehendakariaren izena ere. Donald Trump edo Justin Beaber nor den ederki dakite, ordea. 

Geletan euskaraz jarduten bagara ere, jolas orduan zein kalean gaztelera nagusitzen den modu berean, modako kultura kontsumitzen dute, eta gutxitan izaten da euskara modaren parte. Esaten diegu euskarak egiten gaituela euskaldun, bai eta euskara munduari begiratzeko modu bat dela ere. Parte hartzen dugu herrian antolatzen diren dinamika ezberdinetan, belarriprest eta ahobizi gara, maratoiko kanta dantzatzen dugu … eta guzti hau oso garrantzitsua bada ere, kosta egiten zaigu neska-mutilengana iristea.

Hogeigarren korrika pasako da orain gure herrietako kaleetatik, eta euskararen lekukoa eramango dugu azken muturreraino. Musikaz, kolorez eta aldarriz beteko ditugu bazterrak. Ez dugu pausorik atzera emango, baina gure bidea luzeegia izango da korrika egiteko, eta orain moda modako kantuak dion bezala, “ despacito, despacito” lanean jarraitu besterik ez zaigu geratzen. Gaztelaniaz esaten duten moduan, “despacito pero con buena letra”.